argia.eus
INPRIMATU
LABekiko harremanak sakontzea bilatuko du ELAk bere 14. kongresuan
  • Indarberritzen lelopean ELAk 14. Kongresu konfederala ospatuko du 2017ko ekainaren 15ean eta16an Bilboko Euskalduna Jauregian.

ARGIA @argia 2017ko martxoaren 27a
ELAk Bilbon aurkeztu du bere 14. kongresua. (Arg.: ELA)

Sindikatuak bere web orrian azaltzen duenez, “kongresuak ELAko militanteak motibatzeko balio behar du, datozen lau urteetan aurrez aurre izango ditugun erronkei indarberrituta aurre egiteko”. 2.000 delegatu izango dira kongresuaren edukia lantzen eta kongresuan bertan 736 delegatuk parte hartuko dute: eskualde eta lurraldeka 350 lagun izendatu dira eta beste 350 federazioetatik. Gainontzeko 36 pertsonak Nazio Batzordeko kideak dira. Kongresurako espreski ireki duen atalean aurki daiteke partehartzaileei edo bestelako datuei buruzko informazioa.

Ponentzia bat eta lau ildo nagusi

Horrrela laburbiltzen ditu ELAk ponentzien edukiak. Lan-erreformei aurre egingo zaie, “bereziki, negoziazio kolektiboaren erreformari; horretarako, beharrezkoa izango da akordioak eta hitzarmenen ultraktibitatea aplikatuko direla ziurtatuko duten tresnak martxan jartzea, baita prekarietateari aurre egingo diotenak ere”. Austeritate eta pobreziaren aurkako politikak ere jo puntuan izango dituzte, “gehiengo sozialak dituen beharrei eta nazio bezala ditugun beharrei erantzungo dien prozesu subirano eta soziala martxan jarriz”. Eta ideologikoki, “kapitalismoaren aurkako jarrera indartuko dute”.

Hau guztia norekin? Besteak beste, ELAk LABekin duen harreman sakondu nahi du: “Klase eta nazio eraikuntzan oinarritutako proiektua konpartitzen dugu. ELAk eta LABek kontzertazio sozialetik urrun kokatzen dugu geure burua, konfrontazioan oinarritutako sindikalgintza da gure apustua eta gure sindikatuak ez dira finantzazio publikoaren menpeko”. Negoziazio kolektiboan dituzten desberdintasunak gainditzen saiatuko direla dio ELAk.

Zuzendaritza

Egungo zuzendaritza ia bera proposatzen da, honakoa: Adoldo Muñoz (Idazkari Nagusia), Amaia Muñoa (Idazkari Nagusiaren albokoa; Iparralde, Diruzaina), Amaia Aierbe (Zerbitzu Juridikoak), Xabier Anza (Formazioa), Ivan Gimenez (Komunikazioa), Laura Gonzalez de Txabarri (Naziorteko Harremanak), Pello Igeregi (Negoziazio Kolektiboa, Lan Osasuna, Euskara), Mitxel Lakuntza (Nafarroako koordinatzailea), Mikel Noval (Gizarte Politikak, Azterketa Bulegoa, Ingurumena), Leire Txakartegi (Planifikazio Estrategikoa, Genero Berdintasuna, Gizarte Ekintza, Immigrazioa), Eustakio Uranga (Antolakuntza) eta Joseba Villarreal (Sindikalizazioa).

 

.