argia.eus
INPRIMATU
LABek soldatak igotzea eta zerbitzu publikoak indartzea eskatu dio Jaurlaritza berriari
  • Aurreko gobernuak proposamen horiei “bizkar emanda” eta “entzungor” eginda jardun duela salatu du. Eusko Jaurlaritzak iragarritako bilera erroldatan “eskari zehatzak” mahaigaineratuko dituela adierazi du.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko uztailaren 02a
LABek Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren eskakizuna 1.400 eurokoa izatetik 1.600 eurokoa izatea arrazoitu du. Argazkia: LAB

Eusko Jaurlaritza berriari soldaten duintzea eta zerbitzu publikoak indartzea eskatu die LAB sindikatuak. Ez dira izan LABek egindako eskakizun bakarrak; izan ere, langileen erabaki ahalmena ziurtatuko duen marko juridiko politiko berri bat, burujabetza maila handiagoak eskuratzeko urratsak egitea, langile publikoen eskakizunei erantzun egokia ematea, eta erronka sozialei aurre egingo dien eta enpresek gidatuko ez duten industria birmoldaketa sustatzea eskatu dizkiote Imanol Pradales jeltzaleak gidatzen duen gobernu berriari.

Jaurlaritzaren bilera erronda

Eusko Jaurlaritzak hainbat eragilerekin, tartean sindikalak, bilerak egingo dituela iragarri du Pradalesek. Bilera horretan “eskari zehatzak” mahaigaineratuko dituela adierazi du LABek. Sindikatua kritiko agertu da Urkulluren gobernuak izan zuen jarrerarekin. Langileen aldarrikapenei “bizkar emanda” jardun zuela esan du, eta borroka sindikal eta sozialetako aldarrikapenei “entzungor”. “Patronalaren mesedetan diren politikak egiteari uzteko” eskatu du. EAJ eta PSEk gobernu akordioa aztertu ondoren, nabarmendu du “ez dagoela aldaketa sakonik egiteko borondaterik”, eta aurreko lau urteetako kudeaketa “goraipatu” dutela kritikatu du.

Aberastasuna birbanatzeko soldatak duintzea eta KPItik gora eguneratzea da lehentasun nagusietako bat LABentzat. Horrela ez egitearen ondorioz, “laneko errentak kapital errentara lekualdatzen" direla eta “aberastasuna geroz eta modu bidegabeagoan" banatzen dela azpimarratu du sindikatuak. Enpresariekin eta administrazioarekin kritiko agertu da LAB, eta enpresariei gehiago ordaintzea eskatu behar zaiela eta administrazioari eredu izatea eskatu behar zaiola adierazi du.

Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) “gure eremuko errealitate sozioekonomikoaren araberakoa” izatea eskatu du. Europako Karta Sozialak, LGSk lurraldeko bataz besteko soldataren %60 izatea gomendatzen du eta Hego Euskal Herrian horrek ekarriko luke 1.600 euroko soldata hamalau pagatan, LABek informatu duenez. 2020ko Greba Orokorrean LGSren gaineko sektorearteko akordio bat egitea aldarrikatu zela jaso du LABek, baina Confebaskek eta aurreko Enplegu Saialak iniziatibarik ez dutela izan nabarmendu du. Elkarrizketa Sozialeko Mahaian parte hartuko ez duela adierazi du LABek, “gehiengoak errespetatzen ez dituen" mahaia delako.

Zerbitzu publikoak

Zerbitzu publikoak indartzea da sindikatuaren beste lehentasuna. Osakidetza azpimarratu du, horren egoera “bereziki larria” dela nabarmenduz. Langile publikoen baldintzak ezin direla Madriletik  inposatu salatu dute: “Hemen erabaki behar dira, bertako negoziazio kolektiboa indartuz”. LABek ziurtatu du Imanol Predalesek proposatu duen Herri Akordio proposamena entzungo duela, baina bi baldintza jarriko dituztela.

Alde batetik, “Osakidetzan indarrean dauden politika neoliberal eta klientelarren aldaketa sakonerako borondate politikoa” eskatu du. Pribatizazio eta kontzertazio politikaren amaiera eta inbertsioa handitzearen beharra aipatu ditu sindikatuak. Bestetik, “langileen parte hartze zuzena eta hauekin negoziatzea” eskatu du, “aurreko sailak inposizioz eta negoziatu gabe jokatu baitu”. Pribatizazio politikei amaiera ematea eta langileen lan baldintzak duintzea eskatu dute, eta “prekarietate eta esplotazio egoeran” daudela salatu dute.