argia.eus
INPRIMATU
LABek salatu du Teco Zamora lan egutegirik gabe ari dela erraustegian
  • Gipuzkoako Lan eta Segurtasun Ikuskaritzan salaketa jarri du LAB sindikatuak abenduaren 20an. Idatzi horretan adierazten duenez, eraikuntza lanean azpikontratatuta diharduen Teco Zamora enpresak ez du lan egutegirik eta egunean 10 ordu lan egiten dute astelehenetik ostiralera, gutxienez.

ARGIA @argia 2017ko abenduaren 21a

Gipuzkoako lan hitzarmenek diotena baino gehiago

Idatziz eginiko salaketan, LAB sindikatuak gogorarazten du Gipuzkoako eraikuntza hitzarmenak 26. artikuluan dioela ordu extrak ezingo direla urtean 80 baino gehiago izan. Eta Gipuzkoako eraikuntza hitzarmen kolektiboak, 33. artikuluan, lanaldia honela banatzea arautzen duela: abenduan eta urtarrilean egunean 7 orduko lanaldia izango dela, astelehenetik ostiralera. Azaroan eta otsailean 7 ordu eta erdiko lanaldia izango dela, astelehenetik ostiralera. Eta urteko gainerako hilabeteetan, lanaldia 8 ordukoa izango dela, astelehenetik ostiralera.

Ardura eske

Egoera honen aurrean, LABek lan ikuskaritzari salaketa idatzian eskatzen dio bisita egin dezala eraikuntza lanetara, azaldutako gertakariak frogatzeko, eta txosten zigortzailea zabal dezala erantzukizun legalak exijituz.

Teco Zamora, azpikontrataren azpikontrata

LAB sindikatuak salaketa honetan adierazten du Zubietako erraustegia eraikitzeko kontratua Urbaser buru duen Aldi Baterako Enpresa Elkarteak duela eta ABEE horretako kide diren beste enpresak direla Altuna y Uria, Moyua, Murias, LKS, Meridian Investments eta Steinmuller Babcok.

ABEE horrek hainbat lan azpikontratatzen dizkio PVE ABEEari, zeina osatzen duten Altuna y Uria eta Moyuak.

Eta azpikontratatua den PVE ABEE honek azpikontratatzen dizkio hainbat lan Teco Zamorari.