LAB sindikatuak publikoki salatu nahi du gaur egun FCC enpresa, Iruñeko kaleak garbitzeaz arduratzen dena, oraindik ez dela harremanetan jarri enpresako zuzendari batek joan den abenduaren 17ko greban harrapatu zuen langilearekin. Langilea bajan dago ordutik.
2021eko abenduaren 17a greba-eguna izan zen Iruñean kaleak garbitzeaz arduratzen den FCC enpresan. UGT, ATSU, LAB eta CCOO sindikatuek deituta, bertzeak bertze, hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzearen alde. Goizeko 5:30etik aurrera, informazio-piketeak egin ziren Landaben industrialdeko enpresaren nabearen aurrean. Piketea egin bitartean, enpresako autoarekin zihoan FCCko zuzendari batek langile bat nahita harrapatu zuen. Ondoren, FCCko zuzendaria autotik jaitsi zen eta langilea iraindu zuen: “Zure gainetik pasatu behar nukeen, alfer halakoa, ez baituzu zure bizitza puta osoan lanik egin”. Ondoren, egoera baretzen saiatzen ari zen Enpresa Batzordeko LAB sindikatuko ordezkaria bultzatu zuen zuzendariak.
Harrapatutako langilea, FCC enpresan 32 urteko antzinatasuna duena, Batzordeko ordezkariek eraman zuten larrialdietara. Zuzendariak berak behin baino gehiagotan oztopatu zuen harrapatutako langilea zeraman autoa.
Gaur egun, langilea bajan dago, hainbat lesio baititu bizkarrean, eta lesio horien ondorioz errehabilitazio luzea hasiko du. LABek salatu nahi du FCC oraindik ez dela langilearekin harremanetan jarri zer moduz dagoen jakiteko —are gehiago, historiaren bertsio faltsua ere kontatzen ari da—, eta neurri egokiak lehenbailehen hartzeko eskatu dio.