argia.eus
INPRIMATU
LABek salatu du Amazonek “errepresio sindikala” egiten duela
  • Amazonek Trapagaranen duen lan zentroan grebalarien kontra "jazarpen eta zigorrak" darabiltzala salatu du sindikatuak

ARGIA @argia 2024ko maiatzaren 14a

Hemezortzi lanuzte eta greba egun deitu zituen LAB sindikatuak Amazonen Trapagarango lan zentroan, hitzarmen berria negoziatzeko. Sindikatuak gaur goizean Bilbon egin duen prentsaurrekoan jakinarazi du langileei banaka-banaka "presioa" egin diela, eta aldi baterako langileak kontratatu dituela grebalarien zuloa betetzeko. Horrez gain, LABen arabera, zigor mehatxuak ere egin ditu Amazonek, grebetan parte hartzeak "ondorioak" dituela esaten dabilelako.

Sindikatuak adierazi duenez, hamalau zehapen-prozedura ireki ditu Amazonek 2019an zentroa ireki zuenetik, eta LABek ez du uste kasualitatea denik lehen zigorra 2021eko lehen grebaren ondoren gauzatzea, eta ipini diren zigor guztiak grebetan parte hartu duten langileei ezartzea. "Zigor horiek hitzezko ohartarazpenak, lanik eta soldatarik gabeko egunak eta kaleratze bat izan dira", zehaztu du sindikatuko delegatuak.

Diziplina-erregimenaren erabilera "maltzurra" egiten du Amazonek, LABen esanetan. Arintzat tipifikatutako gertaerei zigor larriak ipintzen zaizkiela dio, eta langilearen defentsarako eskubidea ere urratzen dela sarri. "Errepresio-uholdea" nabarmendu du LABek.