argia.eus
INPRIMATU
Lan mundua euskalduntzeko bide orria eguneratu du LABek
  • Sindikatuak negoziazio kolektibora mugatzen den eta borondatean oinarritzen den estrategia gainditu nahi du.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2015eko urtarrilaren 23a
LABek 2000. urteaz geroztik du euskara lan eta komunikazio hizkuntzatzat. Argazkia: Jon Hernaez /Argazki Press

EUSLAB egitasmo estrategikoaren barnean bi esparru biltzen dira: SINEUS, sindikatuan euskara normalizatzeko ildo estrategikoa, eta LANEUS, lan mundua euskalduntzeko ildo estrategikoa.

Urtebete iraun du lanketa prozesuak eta LABeko, ezker abertzaleko eta euskalgintzako 190 lagunek baino gehiagok hartu dute parte bakarkako elkarrizketa eta eztabaida taldeetan.

Sindikatuak adierazi duenez, lan munduaren euskalduntzean "aitzindariak eta erreferenteak" izan dira. Alabaina, badago zertan hobetu. Ildo estrategikoa negoziazio kolektiboaren eremura mugatu da, eta beraz, asko oinarritu da pertsonen borondatean eta lekuan lekuko aukeretan.

Aurrera begira, borondatea gaindituko duen estrategia planifikatu behar dela dio sindikatuak, eta bestalde, negoziazio kolektiboak ematen dituen aukerei muzin egin gabe, harago joateko mekanismoak jarriko ditu.