Jaurlaritzak Bilbon duen lurralde ordezkaritzako egoitza okupatu du LABek maiatzaren 23an. Ekintza horrekin "egiturazkoa den prekarietateari amaiera ematea" eta lanpostu gehiago estabilizatzea eskatu dute Hezkuntza sailaren menpeko irakasle, heziketa bereziko hezitzaile eta sukalde eta garbiketako langileentzat.
“Benetako Kontsolidazioa orain! Hezkuntzako langileak babestu!” lemapean, Jaurlaritzak Bilbon duen lurralde ordezkaritza okupatu du LABek. Lanpostu gehiago kontsolidatzea eta Euskal Herriko langileentzako neurriak bertan erabakitzea eskatu dio sindikatuak Hezkuntza sailari.
Sindikatuak okupazio ekintzaren bidez eskatu du "estabilizazio prozesuetako lan eskaintza publikoetan lanpostu gehiago eskaintzea". Prekarietatea egiturazkoa dela salatu du: "Kolektibo laboraletan, behin-behinekotasuna eta prekarietatea egiturazkoak izan dira azken urte luzeetan. Heziketa bereziko langile-kolektiboetan 14 urte pasa dira LEP deialdirik gabe eta sukalde eta garbiketako zerbitzuetan 21 urte. Horregatik, urtez urte errepikatu diren laguntza-kontratuak eskaintzaren parte izan behar dira eta kontsolidatu beharrekoak; egiturazko lanpostuak dira".
Espezialitate bakoitzean egonkortu beharreko kasu zehatzak seinalatu ditu: "Irakasleen kasuan, egiturazkoak diren lanpostuak –egun aurrekontu zuzkidura dutenak– eta ezkutuan daudenak; bereziki, laguntza zerbitzuetan zerbitzu-eginkizunen bidez betetzen direnak (lanbide heziketakoak, Iraleak, barnetegiak edota Berritzegunekoak). Heziketa berezian, obra eta zerbitzu kontratu guztiak, urtero errepikatu direnak. Eta sukaldari eta garbitzaileen kolektiboan, iruzurrean dituen eta ikasturtero errepikatzen diren lan metaketa kontratuak".
Jaurlaritzak Bilbon duen lurralde ordezkaritzan eserialdia ari gara egiten, Hezkuntza Sailaren menpeko irakasle, heziketa bereziko hezitzaile eta sukalde eta garbiketako langileen lan eskubideen defentsan pic.twitter.com/H7g8LPWVfY
— LAB SINDIKATUA (@LABsindikatua) May 23, 2022