argia.eus
INPRIMATU
LABek irabazi ditu hauteskunde sindikalak Nafarroako administrazioan
  • 264 ordezkaritatik 69 eskuratu ditu LABek. Bigarren indarra Afapna izan da 37 ordezkarirekin. Atzetik geratu dira hurrenez hurren: CCOO 34rekin, ELA 27rekin, UGT+SPA 27rekin, ANPE 17rekin, SMN 15ekin, SATSE 12rekin, Steilas 11rekin, USO 9rekin, STAJ 4rekin, USAE 1ekin eta beste bat du CSIFek. APS ordezkaririk gabe geratu da.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2019ko maiatzaren 23a
Arg.: Euskalerria Irratia

27.105 langile publiko zeuden deituak atzo hauteskunde sindikaletan parte hartzera. Administraziorako ordezkariak hautatzeko txanda izan zuten. LAB sindikatuak eskuratu zuen ordezkaririk gehiena eta lehen indarra da foru administrazioan bigarrenez jarraian. Arlo askotan mantendu du gehiengoa LAB sindikatuak: Hezkuntzan 12 ordezkarirekin, Administrazio nukleoan 12 ordezkarirekin, Suhiltzaileak eta Babes Zibila zortzi ordezkarirekin (bat gutxiago eskuratu du), Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuan bi eskuratu ditu, Osasun Publikoan eta Laboralean beste bi eskuratu ditu eta Euskarabidean bost eskuratu ditu.

Bigarren indarra izan da Afapna sindikatua, legealdi honetan, euskara edo beste gai batzuk tartean, aldaketaren gobernuaren aurkako hainbat mobilizazioren buruan izan dena. Nabarmen egin du gora ordezkari kopuruari dagokionez. Orain arte aurkeztu ez zen zenbait sektoretan ordezkariak lortu ditu eta horregatik hein batean izan du gorakada. Bi ordezkari eskuratu ditu Justizian eta Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuan ere beste birekin ekin dio bideari. Legealdi honetan beraz Funtzio Publikoko Mahaian ordezkaritza izanen du Afapna sindikatuak. Non eskuratu ditu ordezkaririk gehien? Bada Hezkuntzan 55 eskuratu ditu 2015ean baino lau gehiago.

ELA sindikatuaren beherakada ere utzi dute hauteskunde sindikal horiek: bigarren indar izatetik laugarren indar izatera pasa da. Ogasunean, Administrazio nukleoan, Justizian eta Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuan egin du behera sindikatuak.

UGTk lortu du bere beheranzko joera geldiaraztea eta hori hein batean SPArekin batera egindako bideari esker izan daiteke. Bosgarren postuan dira 27 ordezkarirekin. Hirugarrenena dagoena Comisiones Obreras sindikatua: 34 ordezkari izatea lortu du.

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra