Sindikatua pozik agertu da epaileak ikerketa sei hilabetez luzatzea onartu duelako, baina autoari ebazpena jarriko dio "autoa hobetzeko eta defentsen ekintzak baliogabetzea eragozteko".
Gasteizko Instrukzioko 2. Epaitegiak asteartean emandako autoak sei hilabetez luzatu du Osakidetzaren 2016-2017ko LEP lan eskaintza publikoko iruzurraren auzia. Epaileak luzapen-eskaria kontutan hartu izanagatik pozik agertu da LAB sindikatua, baina hala ere autoari ebazpena jarriko diola jakinarazi du, ondoko xedez: "Autoa hobetzeko eta defentsen ekintzak baliogabetzea eragozteko".
Berriak pozgarri iruditu arren, ardura ere agertu du sindikatuak, "luzapen autoaren azalpen eta argudio gabeziek hauskortasun handiegia" dutelakoan. Bere begietara, defentsak helegiterik aurkeztuz gero, datozen hilabeteetako balizko aurkikuntzak arriskuan baileudeke. Hala bada, jarri asmo duen ebazpenak epailearen autoa indartzea du helburu.
LABen arabera, ikerketa "fase berri batean" sartu da, eta auzibidean aurrerapenak egin daitezke ikerketapean dauden 21 kategorietako azterketak lortuz gero eta Mugika, Soto, Arcelay eta Balerdik osatutako "gune operatiboa" ikertu gisa aitortuz gero, azken hau "LEPa diseinatuz euskal osasun publikoan plazen banaketa diskrezionala blindatzeaz arduratzen baita".
Sindikatuak ez du oharkabean pasatzen utzi nahi izan Osakidetzaren jarrera auzibidearen aurrean. "Eskandalua hasi eta lau urtera" azterketak ikerketarako aurkeztu ez izanari esanguratsu egotzi dio, agerian uzten duelakoan "Osakidetzak ez duela inolako laguntzarik eman gertatutakoa argitzeko".