LABeko koordinatzaile nagusi Garbiñe Aranburuk prentsaurrekoan iragarri du Glovoko langileen erregularizaziorako urrats berri bat emango dutela. Zehazki, sindikatuak gatazka kolektibo bat planteatuko duela jakinarazi du, langile horiei Ostalaritzako Hitzarmen kolektiboa aplikatu ahal izateko.
Izan ere, Glovo eta haren gisako enpresek langileak autonomo gisa kontratatzen dituzte, eta, honek, negoziazio kolektiborako eskubidea kentzen die. “Ez dute ordezkari sindikalak aukeratzeko eskubiderik”, azaldu du LABeko koordinatzaile nagusiak.
Plataforma digitalek lan eredu berri bat, eta, modu berean, “esplotaziorako formula berri bat”, ekarri duela azaldu du LABek. Kolektibo horretako enpresek iruzurretan jarduten dutela salatu du eta, horren aurrean, zigorgabe sentitzen direla gainera.
Iruzurraren funtsean dago lan-harremana besteren konturako langile gisa aitortzea saihesten dutela. Hortaz, langileak autonomoen erregimenean alta ematera behartzen dituzte, nahiz eta autonomiarik ez izan eta algoritmoen menpe egon.
Langileak “prekaritate absolutuan” lan egitera behartzen dituela azaldu dute sindikatutik: “lan-ordutegi jakinik gabe, ezarritako soldatarik gabe, oporretarako eskubide arauturik gabe edo lan-osasunerako eskubiderik gabe”.
Plataforma digitalen egonkortzea aurreikusita, sindikalismoak “erronka” bat duela uste du LABek. Horren aurrean bi helburu zehaztu ditu: lehenik, lege-iruzurra amaitzea eta lan-harremana besteren konturakoa dela aitortzea; eta, bestetik, lan-baldintzak arautzeko esparru bat ezartzea, Negoziazio Kolektiborako eskubidea beteaz.
Lehen helburuari dagokionez, sindikatuak azaldu du azken urteotan Lan Ikuskaritzan salaketak ipini dituela, eta epaitegietara jo dutela, eta horiek erakutsi dutela lan-harremana “eztabaidaezina” dela. Bizkaiari dagokionez, Justizia Auzitegi Nagusiaren epai irmo bat dago, Glovoko langileak besteren konturako langileak direla, Langileen Estatutua aplikatzea eska dezaketela eta urtebeteko atzera eraginarekin diru-kopuruen demanda bat has dezaketela aitortzen duena.
Gatazka kolektibo bat planteatzeko baldintza egokiak daudela uste du LABek. Izan ere, EAEko Ostalaritzako Esparru Akordioan jasota dago riderren kolektiboa ostalaritzako hitzarmenaren aplikazio-eremuan. Bestalde, epai judizialek Ostalaritzako Hitzarmenean sartzeko aukera bermatzen dutela azaldu dute.
Sindikatuak eredu berri bati ekiteko asmoa duela azaldu du Aranburuk,“langile guztientzako tresna erabilgarri bat” izateko asmoz.