argia.eus
INPRIMATU
LABek euskaltegietako langileen baldintzak hobetzeko akordioa ez du nahikotzat jotzen
  • Eusko Jaurlaritzak herri ekimenetako euskaltegietara bideratzen duen dirulaguntza datozen lau ikasturteetan handituko duela adierazi zuen apirilaren 14an. Helburua irakasleen lan baldintzak hobetzea duen arren, LABen ustez "ez da nahiko langileak prekarietatetik irteteko" eta "hainbat gai arautu gabe" geratu direla adierazi du.

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko apirilaren 27a
Argazkia: LAB

Apirilaren 14an Eusko Jaurlaritzak herri ekimeneko euskaltegietara 10 milioi euro gehiago bideratuko dituela jakinarazi zuen. HABE eta helduen euskalduntzeko euskaltegiekin egindako akordioak, irakasleen baldintzak hobetzea du helburu. Esaterako, soldata igoera eta lan ordu kopurua murriztea aurreikusten dira. 

LAB sindikatuarentzat ordea, ohar baten bidez adierazi duenez, sinatutako akordioa ez da nahikoa. Langileen ordezkari legalei ez diete proposamena helarazi eta eztabaidatik kanpo geratu direla salatu dute. LABek HABErekin komunikazio kanal bat irekita izan duela adierazi dute, aspaldi eskatu baitzuten eztaibaidan parte hartzea langileen ordezkari moduan. 

Helduen euskalduntzearen sektoreari finantzazioa hobetzea eta egonkortzea positibotzat jo dute, baina akordioak ez du kontuan hartzen sektorearen alde publikoa eta horrek pribatizazioa bultzatzen duela eta publiko eta pribatuaren arteko zatiketa sakontzen duela uste dute. Sindikatuarentzat soldaten eta lan orduen proposamenak aurrerapausu nabarmenak dira, baina neurri hauek aplikatzea euskaltegi bakoitzaren esku uzten dela adierazi du. Haien ustez hori ez da nahikoa langileentzat prekarietatetik irteteko. 

Hori dela-eta, LABek sektorearen ereduaren inguruan eztabaidarako marko bat zabaltzea eskatu dio HABEri. Gainera, euskaltegi pribatuen titularrei patronal bat osatzeko eskatu die, datozen asteetan LABek helduen euskalduntzearen sektoreko mahai negoziatzailea deituko baitu. 

Horrez gain, haien ustetan euskalduntzea eta alfabetatzea unibertsala, doakoa, publikoa eta kalitatezkoa izan behar duela azpimarratu dute.