argia.eus
INPRIMATU
LABek EPB enpresa salatu du bi obra publikotan hitzarmena ez betetzeagatik

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2018ko otsailaren 21

Gipuzkoako Lan Ikuskaritzan jarri ditu LAB sindikatuak bi salaketak, Donostialdeko erraustegiko lanetan eta Anoetako estadioa eraberritzeko lanetan Gipuzkoako eraikuntza hitzarmena betetzen ez duela adieraziz.

Otsailaren 13an sartu zuen sindikatuak erraustegiko lanengatik salaketa, adieraziz Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmenak dioena baino askoz lanordu gehiago sartzen dituztela eta nabarmen txikiagoa den lansaria jasotzen dutela.

Otsailaren 16an sartu zuen sindikatuak Anoetako estadioko lanengatik salaketa, hemen ere gauza bera adieraziz, lurraldeko hitzarmenak dioena baino lanordu gehiago sartzen dituztela hitzarmenak dioen lansaria baino txikiagoaren truke.

Altuna y Uriak, Moyuak eta Muriasek azpikontratatutako enpresa

Anoetako estadioa eraberritzeko lanak Altuna y Uriak eta Moyuak osatutako Aldi Baterako Enpresa-Elkarteari esleitu zaizkio. Enpresa-Elkarte honek azpikontratatu du obra hauetako hainbat lanetarako EPB enpresa.

Donostialdeko erraustegiaren eraikuntza, kudeaketa eta ustiaketa lanak, Urbaser buru duen Aldi Baterako Enpresa-Elkarteari esleitu zaizkio. Enpresa-Elkarte honen kide dira Altuna y Uria, Moyua, Murias, LKS, Meridian Investments eta Steinmuller Babcok. Enpresa-Elkarte horrek, erraustegiaren eraikuntzako hainbat lan azpikontratatzen dizkio Muriasi, eta Muriasek hainbat lan EPBri.

Lan ikuskaritzari eginiko eskaera

LABek sartutako bi salaketetan, lan ikuskaritzari eskatzen dio bisitatu ditzala bi obrak, frogatu dezan langileek jasotzen duten soldatetan EPB enpresak ez duela hitzarmena betetzen, eta dagozkien likidazio aktak ezartzeko azpikontratatutako enpresei, eta hauen arduradun diren kontratista nagusiei.