Asteazken honetan izan dituzte hauteskunde sindikalak Nafarroako administrazioan eta bertako langileek, funtzionarioak zein lan kontratua dutenak, 319 ordezkari hautatu dituzte. Steilas izan da hezkuntzako alorreko bozkatuena.
Oraindik falta dira Osasunbideko datuak (13.189 langile) eta Foru Ogasunekoak, baina gainerakoan, LABek aise irabazi ditu hauteskundeak 77 ordezkari lortuta (2019an baino 5 gehiago). Bigarren postuan AFAPNA gelditu da 43 ordezkarirekin (5 gehiago) eta CCOO hirugarren, 37rekin. Azken sindikatu honek 2 ordezkari gehiago lortu ditu, baina bigarrenetik hirugarren postura egin du atzera.
ELAk laugarren postuari eutsi dio 30 ordezkarirekin (lau gehiago) eta ondoren datoz SMN Nafarroako Sindikatu Medikoa 29rekin, ANPE 20 ordezkarirekin, UGT 18rekin eta Steilas 15erekin. Aipatu behar da Steilas hezkuntza mailako sindikatua dela eta alor horretan bera dela sindikaturik bozkatuena.
32.189 langilek dute boto eskubidea eta 10.517 langilek eman dute botoa, eskubidea zutenen %54,82k, duela lau urte baino ia puntu bat gutxiago (%55,29). Honakoak izan ziren gehien bozkatu zuten alorrak: Foruzaingoa (%90,33), Nafarroako Kirol Institutua (%80,88) eta Nafarroako Enplegu Zerbitzua (%75,6). Nafarroako Gobernuak zabaldutako datuak dira guztiak eta hemen kontsulta daitezke gainerako esparruetan izandako emaitzak.