argia.eus
INPRIMATU
Labak terraza izanen du Iruñeko Gaztelu Plazan
  • Nafarroako Gobernuak Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpena betearaziko du Laba Elkarteko terraza ahalbidetzeko. Gobernuak zuzenbidearen aurkakotzat jotzen du Navarra Sumaren ezezko jarrera  Iruñean.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2023ko maiatzaren 12a

Nafarroako Gobernuak asteazken honetan erabaki du Iruñeko Gaztelu Plazan dagoen Laba Elkarteak bide publikoan terraza bat jartzeko baimena ematea, Windsor tabernaren eta La Perla hotelaren artean.

Nafarroako Administrazio Auzitegiaren (TAN) ebazpen bat betearaztean datza, modu subsidiarioan. Ebazpen horrek instalazioa ukatzen zuen Iruñeko Udalaren ebazpena baliogabetzen du, zuzenbidearen aurkakotzat joaz.

Gobernuaren akordioak honako hauek jasotzen ditu: Nafarroako Gobernuaren subrogazio automatikoa Iruñeko Udalaren eskumenetan, TANen ebazpenaren betearazpena Toki Administrazio eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren esku uztea, eta egin beharreko gastu oro Udalaren kontura izango dela jakinaraztea Udalari.

Navarra Sumak geldirik mantentzen du terraza instalatzeko lizentziaren emakida, nahiz eta TANen ebazpena, 2022ko urriaren 10ekoa, onartzen zuen kultur elkarte eskatzailearen (Laba Elkartea) eskubidea. TANek berak Udaleko Herritarren Segurtasunerako arloari aurpegiratzen zion hitz nahasgarriak erabili izana bere ebazpena ez betetzeko eta hilabeteko epean eskatutako lizentzia emateko.