argia.eus
INPRIMATU
Laba, euskaldunon elkargunea sortzera doaz Iruñeko erdigunean
  • Iruñeko Gaztelu plazan ezarriko da Laba espazioa. Barruan bost gune izango ditu. Proiektua burutzeko, diru bilketa abiatu dute.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko ekainaren 11
Labaren aurkezpen bideoko fotograma. Argazkia: Laba

Euskal komunitatearentzako topagunea izateko asmoz espazioa zabalduko dute Iruñeko Gaztelu plazan. Laba izena dauka proiektuak, eta euskara “bazterretik erdigunera” eramateko helburua du. Erabilera anitzeko espazioa izango da, eta bost gune berezitu izango ditu: elkargunea, erakusleihoa, oholtza, kafetegia eta laborategia.

Laba ekimena Iruñean euskara “ikusgarri eta entzungarri” egiteko sortu da. Elkarteko kideek adierazi dutenez, euskara zokoratuta izan da denbora luzean, eta, orain, plazara ateratzeko momentua heldu da: “Energia eratu dugu urteetan, eta lurpean borborka ari da magma hori. Eztanda egiteko garaia da”. Gaztelu plazan sortuko duten espazioak horretarako baliatuko dute: euskaldunentzat eta euskal kulturara hurbildu nahi duen ororentzat gunea eskainiko dute, elkartzeko tokia eta kultura zabaltzeko lekua. 

Proiektuan bost espazio aurrikusi dituzte. Elkargunea “erreferentziazko gunea” izango da, euskal komunitatea “elkar topatzeko, elkar ezagutzeko eta elkarrekin egiteko” tokia. Kafetegiak herritarren arteko sareak ehuntzeko balioko du, “harremanak sortu eta garatzeko”. Erakusleihoa eta oholtza, berriz, euskal kultura zabaltzeko espazioak izango dira: lehena, sorkuntza lanak ikusgarri eta herritarrentzat irisgarri egiteko lekua izango da; bigarrena, emanaldietarako –hitzaldiak, liburu aurkezpenak, zinema…– prestatutako gunea. Azkenik, laborategian, proiektu berriak gauzatzeko tokia izango da. Izan ere, Labako kideek “partaide aktiboak” nahi dituzte, “ideiak, proposamenak eta proiektuak, etengabe birasmatzen den gunea izan dadin”.

Diru bilketa

Espazioa eraikitzeko, 30.000 euroko finantzazioa behar du elkarteak, eta Itsulapikoa atariaren bidez eskatu dute herritarren ekarpena. Auzolanean abiatu nahi dute Iruñeko euskaldunentzako espazioa: “Energia. Erupzioa. Lana. Euskara, jalgi hadi Gaztelu Plazara”.