Goiz osoko festa izan zuten larunbatean, eta Iruñeko euskaldunen komunitatearentzako elkargunea izango den Gazteluko plazako lokala erakutsi zuten.
Laba taldeak goiz osoko egitaraua antolatu zuen larunbaterako, eta festa giroan Iruñeko Alde Zaharreko kaleak hartu zituzten, "seismoa" irudikatzeko. Proiektuaren “txupinazoa” izan zen eta Gazteluko plazan irekiko duten lokala aurkeztu zuten. Helburua da espazio hori hiriko euskaldunen topaleku izatea, hainbat erabileratarako: “Euskaratik sortutako elkargune bat da, euskarazko kultur emanaldietarako oholtza, sorkuntza produktuetarako saltokia, kafetegia…”.
Estafetara ailegatzen#Seismoa pic.twitter.com/ANTGl9C3pl
— LABA (@labasarea) October 9, 2021
Txarangak lagundutako kalejiran ibili ziren hiriko kaleetatik eta, besteak beste, Vogue Kiki House of Anunnaki, Bapateko Orkestra, Kinbonbo Brass Band eta Gure Aldetara mini bertso saioa egin zituzten. Bukatzeko, ordura arte ezkutuan mantendu zuten ekitaldia izan zen: Gorka Urbizuk eta Imanol Ubedak kontzertu akustikoa eskaini zuten Labaren lokaleko leihotik, Estafeta kaletik ikusi ahal izan zena. Jarraian, egoitzako ateak ireki zituzten, baina inaugurazio ofiziala urte amaierarako ala datorren urte hasierarako iragarri zuten.
#Seismoa pic.twitter.com/Cz68EHoYi9
— LABA (@labasarea) October 9, 2021
Ekitaldi horiekin guztiekin Labaren asmoa izan da datorrenaren aurrerapen txiki bat egitea. Azaldu dute jada programatu dituztela ekintza batzuk eta laba hedatzen den moduan, euskara eta euskal kultura ere erdigunetik Iruñerri osora zabaltzera datozela.