argia.eus
INPRIMATU
LAB sindikatuko eta Ernai gazte antolakundeko hainbat kidek agerraldia egin dute gazte langileen prekaritatea salatzeko
  • Decathlon enpresak Berriozarren duen saltoki handiaren parean egin dute agerraldia, gazte langileen prekaritatea salatzeko eta ostiralean Iruñean mobilizatuko garela iragartzeko.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 24a
Argazkia: LAB

LAB sindikatuak eta Ernai antolakundeak adierazi dute, Black Friday eta gisako ekimen kapitalistek "kontsumismo basatia" sustatzen dutela eta milaka langile gazte, emakume eta migratzaile "erabili eta botatzeko langile" bilakatzen dituztela: "Bizi-baldintza eta lan-baldintza tamalgarrien sinonimoa da Black Friday"

"Etorkizuna argitzera goaz" lelopean, mobilizatzera deitu dituzte gazte langileak LABek eta Ernaik. Hitzordua azaroaren 27an finkatu dute, 19:00tan, Iruñeko Entzierroaren monumentuaren parean, Karlos III.a etorbidean.

Langabezia gora

LABek eta Ernaik, gazte langileen Nafarroa Garaiko langabezia datuak "geroz eta tamalgarriagoak" direla salatu dute. Jakinarazi dute urriko datuen arabera, 2020ko otsaileko datuekin alderatuta, 25 urtetik beherako 1.331 gazte gehiago daudela lanik gabe  –%42ko igoera izan dela–. Orotara, Nafarroan 25 urtetik beherako 4.515 gazte daude langabezian. Bestetik, aipatzekoa da langabeen erdiek 35 urte baino gutxiago dituztela; 35 urtetik beherako gazteen langabezia tasa %20,2koa da –bostetik bat langabezian dago– eta behin-behinekotasun tasa %52,4koa dela.

LAB eta Ernairen ustez, Black friday gisakoek ordea ez dituzte halako zenbakiak zuzenduko, ez eta ere lan baldintzak hobetuko: “Neoliberalismoa da, kapitalismoa. Gure lanen prekarizazioa dakar, berez, lan-baldintza kaskarrekin. Gainera, eragiten duen kontsumismoak bizitza eta lan-erritmo onartezina ezartzen digu, eta horrek gure atsedena eta gure familiekin eta lagunekin izan nahi dugun bizitza baldintzatzen du".