argia.eus
INPRIMATU
LAB oso enpresa txikien hauteskundeetara aurkeztu ahal izango da Iparraldean
  • Iragan abuztuan, Bordeleko Auzitegiak CGT sindikatuaren helegitea onartu eta balio gabe utzi zuen LABen hautagaitza azaro eta abendu bitartean egingo diren oso enpresa txikietako hauteskunde sindikaletarako (TPE, frantsesezko sigletan). LABek helegitea aurkeztu zuen erabaki haren aurka, eta Parisko Frantziako Kasazio Auzitegiak arrazoia eman dio. Honenbestez, sindikatu abertzaleak TPEn parte hartu ahal izango du.

ARGIA @argia 2016ko urriaren 04a

CGTk ekainaren 22an eman zuen LABen hautagaitzaren kontrako helegitea, azaroaren 28tik abenduaren 12ra egingo diren hauteskundeetara aurkezteko baldintzak betetzen ez zituela argudiatuz. CGTren esanetan, LABen hautagaitza ez zetorren bat balio errepublikarrekin. “Eskualde bakar bateko borrokari lehentasuna ematea”, independentista izatea eta euskarari garrantzia emanez elebitasuna hobestea jarri zituzten adibidetzat.

Abuztuaren 4an arrazoia eman zion Bordeleko Auzitegiak CGTri, eta LABen hautagaitza baliogabetu zuen. Kasazio Auzitegiak eman berri duen epaiak, aldiz, zilegitzat jotzen du LABen jarduera sindikala, eta zehazten du “diskriminazioa litzatekeela” CGTk erabilitako argudioengatik hauteskundeetan parte hartzea eragoztea.     

Ohar baten bidez, LABek adierazi du beraren kontrako prozedura funtsik gabea zela, eta zalantza agertu du "CGTren benetako asmoez". Halaber, haren jarrera hauteskundeetan zigortzeko deia egin du.