Donostian 300 pertsona baino gehiago daude aterpetxerik gabe. Harrera Sareak adierazi du “inhumanoa” dela La Sirena itxita mantentzea, eta “are gogorragoa” egungo tenperatura baxuekin.
Donostiako La Sirena aterpetxea irekitzea eskatu du Donostiako Hiritarren Harrera Sareak. Ostegun arratsaldean udaletxearen aurrean elkarretaratzea egin dute “Udal Gobernuaren jarrera salatzeko” eta aterpetxea irekitzea eskatzeko. Mugimenduak adierazi duenez, Donostian 300 pertsona baino gehiago daude aterpetxerik gabe, eta salatu du Udalak itxita mantentzen duela La Sirena aterpetxea, 100 pertsonarentzat tokia duen arren.
Harrera Sareko kide Garazi Montuschik Naizen adierazi duenez, “oso gogorra” da Donostian aterpetxerik gabe bizi direnen egoera: “Pertsona hauek urte osoa daramate horrela, baina orain, hotza eta euriarekin, askoz ere gogorragoa da egoera”.
Montuschik azpimarratu du Harrera Sarea duela hiru urte hasi zela eskatzen La Sirena irekitzeko. Orain arteko ezezkoaren aurrean, Donostiako Udalaren irizpideen “anbiguetatea” salatu du: “Donostiako Udalak erabakita du izozte arriskua dagoenean bakarrik irekitzea. Horrela, azaroaren erdialdetik, 100 plaza daukan aterpe hau itxita dago. Beste hainbat udalerritan egoerari aurre egiteko dispositiboak martxan daude jada eta horrelako aterpeak irekita daude. Egoera honetan La Sirena itxita mantentzea inhumanoa da”.
Harrera Saretik “borondate politikoa” eskatu dute, eta haiekin batera SOS Arrazakeriak eta beste erakunde batzuk “konponbide integralak martxan jartzeko” eskatu diote Gipuzkoako Aldundiari eta Lakuako Gobernuari.