El Paísek 24 testigantza jaso ditu idazle eta elizgizon legorretarrak egindako sexu-abusuak berresten dituztenak. Erasoak 8-9 urtetik 17 urtera bitarteko adin txikikoei egin zizkien. 1990. hamarkadan erasoez jakitun ziren Ezkiagaren lankideak, baina zituzten ekintzak salatu.
Marisol Zamora izan zen Patxi Ezkiaga idazle eta elizgizonaren sexu abusuak salatu zituen lehen emakumea. Maiatzaren 30ean eman zuen horren berri El País egunkariak. Horren aurrean, Legorretako Udalak publiko egin zuen edozein eratako sexu-erasoak “irmo gaitzesten” zituela, bereziki adin txikikoei egindakoak. Babesa adierazi zion Marisol Zamorari eta hiru neurri hartu zituen: Patxi Ezkiaga Lasari herriko seme kuttun izaera baliogabetzea, Patxi Ezkiaga Kultur Etxea hemendik aurrera Kultur Etxea izendatzea eta haren omenez eginiko eskultura Etxezarreta auzoko parketik kentzea.
Marisol Zamorak Berriari eskainitako elkarrizketan azaldu zuen Ezkiagak bere boterea baliatzen zuela erasoak egiteko: “Zortzi edo bederatzi urte izango nituenean hasi zen. Ez dakit zehazki noiz; haurra nintzen. Argia itzali zuen, eta bere magalean eserarazi ninduen. Ilunpetan geunden, nire familiaren aurrean. Ukitu egiten ninduen. Nire hankak haren hankartean jartzen zizkidan. Hark esan zidan esertzeko, eta, garai hartan, apaiz batek etxean esandakoak indar handia zuen”.
Sexu abusuen jakitun zen La Salle ikastetxeak 1990. hamarkadatik eta horren aurrean ez zuten neurririk hartu, El Paísek jasotako hainbat ikasle ohien testigantzen arabera. 8-9 urtetik hamazazpi urtera bitarteko adin txikikoei egin zizkien sexu abusuak testigantzen arabera.
24 dira El Paísek jasotako testigantzak Ezkiagaren sexu abusuen inguruan. Izaskun Iparagirre, La Salleko Isabako kanpamenduko monitorea izandakoa, zentroari Ezkiagaren gehiegikeriez ohartarazi zuen lehen pertsona izan zen. “Ordenako gainerako anaiek ez zekiten nola gelditu, ikastetxeari kalterik egin gabe”. Udako kanpamenduetan, urtero ikasle berri bat eramaten zuela ere kontatu du, eta arratsaldeetan “bizpahiru orduz desagertzen” zela ikaslearekin. Jarrera horietaz informatzean, arduradunen erantzuna “hitz egin berarekin, ea kasu egiten dizun” baino ez zen. Beste biktima batek kontatu du sexu abusuen berri eman ziotela konfiantza gehien zuten irakasle bati eta horrek “barre egin” zuela. Ezkiaga denboraldi baterako Erromara bidali zuten eta hilabete batzuen buruan zentrora itzuli zen. Izan ere, Marisol Zamorak dio ez dagoela jasota lekualdaketa salaketen eragina izan zela.
Ikastetxean abusuak 1980tik aurrera hasi ziren, ikastetxea mistoa egin zenean. Testigantzek adierazi dute abusuak ohikoak zirela ikasgelan bertan, ikasleak bere gainean eserarazten zituen eta bularrak eta genitalak ukitzen zizkien gainerako ikaskideen aurrean. “Ia beti neskak bakarrik ateratzen zituen”, dio biktimetako batek. El Paísek jasotako testigantza gogorrenetariko batek zera dio: “Zakila tente atera eta bere gainean esertzeko eskatu zidan. Esan zidan: ‘Samurtasunak mundua salbatuko du’”. Horren aurrean biktima korrika atera zen eta horrek ondorio txarrak ekarri zituen. "Nire lanetako bat ere ez zen hautatua izan, gaizki hitz egiten zien nire ikaskideei, alfer hutsa nintzela esanez”. Testigantza batzuek adierazi dute txikitan izandako bizipen horiek gaur egun oraindik ez dituztela gainditu, eta biktima batek bere buruaz beste egiteko saiakerak egin izana aitortu du.
Sexu abusu salaketa gehiago
2020. urtean hil zen Sebastián Grandmontagne, Irungo nobizioen zuzendari espirituala, botereaz baliatu zen adin txikikoak sexualki abusatzeko. Ikasle batek salatu zuen Grandmontagnek sexualki eraso egin ziola eta bere “kurtsoko guztiekin” egin zuela. 120 ikasle inguru ziren. Sexu-kontuetan gidari espirituala eta aditua zela esaten zuen Grandmontagnek eta horrela ikasleei sexuari buruzko galderak egiten zizkien, testigantza baten arabera. El Paisen adierazitakoaren arabera, konfiantzazko monitore baten laguntza bilatu zuen, eskolara gutun bat idazten lagun ziezaion. Grandmontaigne ez zitzaiola gehiago hurbildu adierazi du, baina Ezkiagak beti bezala jarraitu zuela dio.