Evaristo Páramos buru duen La Polla taldea eszenatoki gainean ikusteko aukera izango da aurten, Hala Bedi irratiak informatu duenez. Taldearen 40. urteurrenarekin batera itzuliko dira zuzenekoetara.
Azken hilabeteetan ahoz aho zebilen zurrumurrua baieztatu da: La Polla taldea berriz ere zuzenean ikusteko aukera izango da 2019an. Hala Bedi irratiak baieztatu du taldearen itzulera eta dagoeneko publikoa da, Facebook eta Twitter kontuak ere sortu baitizkiote.
Sare sozial horietan publikatutako lehen mezuan, La Pollako hiru partaideak agertzen dira eta honako esaldia gaztelaniaz: “Eta ni, hilda nengoena, altxatu naiz. Azken bataila zain daukat”.
Argazkiak La Pollan hasieratik aritu diren hiru kideak erakusten ditu: Manolo Garcia “Sume” (gitarra), Evaristo Páramos (ahotsa) eta Abel Murua (baxua).
Haiekin batera ariko dira taldeak izan zuen azken formazioko beste bi kideak, “Tripi” baterian eta “Txiki” gitarran.
Urtearen amaieran bi bira egiteko asmoa du Aguraingo taldeak, bata Espainiako Estatuan eta bestea Hego Amerikan. Lehenbiziko bira horren barruan, Madrilen, Bartzelonan eta Valentzian joko dituzten kontzertuez gain, Euskal Herrian ere zita bat aurreikusten da, Bilbon.
Itzulera honi buruzko informazio gehiago emango dute datozen asteetan. Oraindik baieztatuta ez dagoen arren, baliteke martxoaren 13an prentsaren aurrean hitz egitea xehetasun gehiago emateko.
2003an utzi zion La Pollak kontzertuak jotzeari, 1979tik aurrera Euskal Herriko punk eszenako talde esanguratsuenetako bat izan ondoren.