argia.eus
INPRIMATU
La Navaletik harago
  • La Navalen finantziazioak huts egin du bankuek egin dutelako huts. Euskal industria indartzea eta lanpostuei eustea helburu duen banku publikoa behar dugu, eta hor egon beharko luke Kutxabankek.

Juan Mari Arregi 2017ko abuztuaren 31

La Navalek ordainketak “eteteko” egindako iragarpenak, euskal industriako enpresa txiki eta ertainak dauden egoera larriaren ikuspegi orokorra izatea zaildu dezake, Sestaoko ontziolaren tamaina ekonomiko, finantzario eta laboral handia dela-eta. La Navalen zuzenean eta zeharka lan egiten duten 1.500 beharginen protestek ere, fokua puntu bakarrean izatea ekar dezakete. Lantalde horrek badu mobilizazio gaitasuna eta nabarituko dugu ziur. Beste langile batzuek egoera bera bizi dute, baina ezin haien aldarria kalera eraman. Ez dugu ahaztu behar EAEn krisian dauden 30 enpresatan 6.000 lagun ari direla lanean, eta horri gehitu behar zaie beste hainbat enpresa txikitan dabiltzanak, lantalde txikiak dituzten hornitzaile autonomoak.

Urkullu lehendakariak galdetu du (ez ote daki?) nola gertatu daitekeen La Navalekoa eskaerak dituenean –lau ontzi ari da eraikitzen–. Erantzuna bistakoa da: halako egoerak sortzen dira finantziazioak huts egiten duelako, berehalako etekinen bila dabiltzan bankuek egiten dute huts. Eta bankuak, orain, Eusko Jaurlaritzari xantaia egiten ari dira, honek ontziolaren zorrak ordainduko dituela bermatu dezan. Horrela baino ez diote finantziazioari berrekingo. Banku publiko bat behar dugu, helburu izango duena euskal industria indartzea eta egungo lanpostuei eustea, hori baita gure gazteriaren etorkizuna –gazteen artean langabezia tasa %50ekoa da–, eta hor egon behar luke Kutxabankek.

Gaizki egingo dugu orain fokua La Navalen baizik ez badugu jartzen bere enplegatuak mugitu direlako, eta aldiz ahazten baditugu beste enpresa txiki eta ertainak. Arduradun politikoak derrigortuta daude La Navaletik harago dagoen egoerari erreparatzera.