argia.eus
INPRIMATU
La Navaleko 173 langileak kaleratu ditu epailearen ebazpenak
  • Sestaoko (Bizkaia) ontziolako enpresa zuzendaritzak jakinarazi duenez epaitegiak igorri du ebazpena, zeinaren arabera langileak La Navaleko behargin izateari utzi dioten otsailaren 28az geroztik.

ARGIA @argia 2019ko martxoaren 05
Navaleko langileek deitutako manifestazio bat / @LABindustry

Astelehenean jakinarazi zieten La Navaleko 173 langileei epaileak igorritako ebazpenaren arabera kalean zirela. Berriak jasotzen duenez, lantalde osoarentzako kontratu amaiera kolektiboa “zuzenbidearen araberakoa” jotzen du Lan Agintaritzak, epailearen hitzetan.

Kaleratzeen aurrean, langileek asanblada egin dute astearte goizean, mobilizazioei zein jarraipen eman erabakitzeko. 11:30etan, aldiz, manifestazioa egingo dute Bilboko Plaza Eliptikotik. Martxoaren 15ean, bestalde, Espainiako Industria Ministerioarekin bilduko dira Madrilen, langileen egoeraz jarduteko.  

150 langilek Navantia ontziola publikora joateko aukera izango dute, honen aurrekari Izar enpresa publikoko langileak izateagatik La Naval pribatizatu zutenean. Lana emango dietela zin egin badiete ere, lanpostuak Euskal Herritik kanpo leudeke: Cartagena, Cadiz eta Ferrolen. Hiru ontziola hauek ere kaleratze arriskuan daude.