Ontziola historikoa ez dela “bideragarria” argudiatuta, balizko hartzekodunen esku utziko dute konpainiaren etorkizuna.
Bistan zena ofizialdu zuen asteazkenean La Navaleko zuzendaritzak: enpresa hartzekodunen konkurtsora eramango du eta 220 zuzeneko lanpostu eta beste ehunka zeharkako galduko lirateken Sestaon eta Ezkerraldean.
Azken hilabeteetan ibilbide gorabeheratsua izan du enpresak, uda hasieran hartzekodunen konkurtso-aurrekoa aurkeztu zuen, zituen zorrei aurre ezin eginda –150 milioi euro–. Paradoxikoena da lan karga erruz dutela langileek, lau itsasontzi eraikitzeko enkarguarekin ari baitziren. Langile batzordearen ustez, enpresaren kudeaketa eskasa dago orain bizi duten egoeraren atzean.
Konkurtsoan sartuta, langileek ez dute esperantza galdu enpresari edo multinazional batek enpresa irekita mantentzeko inbertitzea, zorraren zama ez lukeelako izango, baina ikusi beharko litzateke zein kondiziotan eta nola eragingo liekeen horrek langileen baldintzei eta lanpostuei.
Nolanahi ere, ontziolaren ingurumarian dabiltzan hamarnaka enpresa hornitzaile egoera larrian geratuko dira konkurtsoarekin, enpresak ez baitie zorretan utzitakoa kitatuko eta horrek zaildu egingo du operazioa.
Hurrengo bilera irailaren 7an egingo dute langile batzordeak eta zuzendaritzak eta negoziazio mahai bat eratzen saiatuko dira langileen eskariz.