argia.eus
INPRIMATU
“La mort de Guillem” filma estreinatu da, hilketa faxistaren biktima gogora ekarriko duena
  • 1993an neonazi talde batek hil zuen 18 urteko gazte antifaxista Castellonen. Haren omenezko filma egin du Carlos Marques-Marcet zuzendari katalanak, eta Málagako zinema jaialdian estreinatu dute.

Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 25
Guillemen papera egiten duten aktorea.

La mort de Guillem (Guillemen heriotza) izeneko filma estrainatu dute Málagako zinema jaialdian. Pelikula benetazko istorio batean oinarritzen da, Guillem Agulló antifaxistaren kasuan, hain zuzen ere. 1993ko apirilaren 11ko goizaldean, neonazi batek 18 urteko gaztea bularrean labankada bat emanda hil zuen, Castelloneko Montanejos udalerrian lagunekin kanpaldia egiten ari zela. Agulló Valentziako Burjassot herrikoa zen jaiotzez. Bere familiak hamaika buruhauste judizialez gain, eraso faxistak ere pairatu behar izan ditu geroztik: urtero, semearen heriotzaren urtemugan, mehatxuak, dei anonimoak eta sinbologia faxistako margoketak jasotzen ditu oraindik.

Prozesu judizialak "gazteen arteko borroka" batean kokatu zuen erasoa, galga politikoa ezabatuz. Epaileak Pedro Cuevas hiltzaileari 14 urteko kartzela-zigorra ezartzea ebatzi zuen arren, horietatik lau baino ez zituen bete espetxean. Hori gutxi balitz, Cuevas Valentziako Chiva herrian aurkeztu zen 2007ko udal hauteskundeetara, Aliantza Nazionala alderdi ultraeskuindarrarekin. Iaz berriro epaitu zuten Panzer operazioaren baitan, Fronte Antisistema (FAS) erakunde neonaziko kide izatea egotzita. Prozesua absoluzioarekin amaitu zen, Guardia Zibilaren entzuketak baliogabetzat jo baitziren.

Carlos Marques-Marcet zuzendari katalan gazteak, dagoeneko Malagako Zinemaldian Urrezko Biznaga bi aldiz irabazi duenak, Guillemen istorioa pantaila handira eramateko ardura hartu du, bere ekoizleek proposatuta. Filma berez ekainean aurkeztekoa zen Valentzian, baina COVID-19a dela eta bertan behera utzi behar izan zuten, eta astelehen honetan aurkeztu dute Malagako Zinemaldian.

Jazarpenak

Hori ez da oztopo bakarra izan ordea, Guillem Agulloren papera egin behar zuen aktoreak proiektua uztea pentsatu baitzuen entseguak hasi baino egun batzuk lehenago, gazte valentziarraren zori bera izateko beldurrez. Gainera, Burjassoten, hildakoaren jaioterrian, filmaketa taldeari errieta egin zion baten batek, eta Vox alderdiaren aldeko margoketa bat egin zuten Guillemen omenezko beste pintada baten gainean.

Ilunak argitzeko

Bortizkeria guzti hori islatzen duen istorio bat erakusten du La mort de Guillem-ek, eta familiaren ikuspuntutik doluaren eta borrokaren aurpegiak azaltzen ditu. Agulló hil zutenek Cara al sol ereserki faxista abesten egin zuten ospa krimenaren eszenatik, halaxe baieztatu zuten hildakoaren lagunek prozesu judizialean. "Uste dut oso interesgarria dela orduan zer gertatu zen ulertzea, orain gertatzen ari denarekin dauden antzekotasunak eta desberdintasunak ikusteko", Marques-Marceten arabera.

1993an Espainiako Estatua nazioartekotzen ari zen, harro zebilen Bartzelona 92 eta Sevillako Expoaren arrakastaren ondoren. Hala ere, "oraindik aurreko erregimeneko gauza askok ez dute alde egin", esan du 37 urteko zinemagileak, bere belaunaldia "trantsizioa kritikatu ezin zitekeela" bezalako ideia eztabaidagarriekin hazi dela azpimarratuz.

Horregatik, historia berrikusteko eta konpondu ez diren egoera batzuk nondik sortu ziren ulertzeko une egokia dela defendatzen du: "Oso sintomatikoa da Guillem hil zuten langile klaseko gazteek ultraeskuindarren alde egitea, goi klaseen alde. Gertatzen ari den zerbait da, nolabait". Ondoko galdera luzatu du zuzendariak: "Zer egiten ari gara gaizki?". La Mort de Guillem erantzunak ematen hasteko filmatu dute.