Epaimahaiak Iruñean egin duen saioak 40 minutu besterik ez du iraun, baina ez dute ezer erabaki. Sanferminetan emakume bat taldean bortxatu eta "sexu abusuengatik" zigortutako bost gizonak kartzelan sartzeko eskatu dute biktimaren abokatuak eta Iruñeko Udalak osatzen duen akusazio partikularrak.
Nafarroako Lurralde Auzitegiko bigarren aretoko epaileek abenduaren 27tik aurrera erabakiko dute emakume bat taldean bortxatu zuten La Manada-ko kondenatuak kartzelaratuko dituen edo ez. Erasotzaileek Sevillako Auzitegitik bideokonferentzia bidez jarraitu dute sesioa. Epaitegiko iturrien arabera, ostegunetik aurrera jakinaraziko da erabakia.
Abenduaren hasieran Nafarroako Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen sexu-abusuak leporatuta La Manadako bost gizonei ezarritako 9 urteko kartzela zigorra. Bi egunen buruan, 5 akusatuei behin-behineko askatasuna kendu eta kartzelan sartzeko idazkia aurkeztu zuen fiskaltzak. Erasoaren biktimaren abokatuak eta Nafarroako Gobernuak ere babestu zuten proposamena.