argia.eus
INPRIMATU
‘La Manadako’ kide bat atxilotu dute lapurtzen eta bi zaindari autoarekin harrapatzen saiatu ostean
  • Ángel Boza asteazkenean atxilotu dute Sevillan, merkataritza gune batean eguzkitako betaurrekoak lapurtzen saiatu ondoren, bere atzetik joan diren bi zaindari ibilgailuarekin harrapatzen saiatzea egotzita.

Nahia Ibarzabal @NahiaIbarzabal 2018ko abuztuaren 02a
Ángel Boza La Manadako kidea

Bide segurtasunaren aurkako delitua egotzi diote Bozari, epaile batek gidabaimena kendu arren ibilgailua hartu duelako. Autoz harrapatu dituen bi zaindariak zaurituta daude baina ez larri.

Momentu honetan preso dago Manadako kidea, Espainiako Poliziak Sevillako Blas de Infante kalean duen polizia-etxean.

Baldintzapean aske ekainetik

La Manadako bost kideak, bederatzi urteko espetxe-zigorrera kondenatu zituzten apirilean Iruñeko Sanferminetan emakume bat bortxatzeagatik. Ekainean, baldintzapean aske gelditu ziren. Astelehen, asteazken eta ostiraletan guardiako epaitegira joan behar dute, Espainiatik ezin dute irten eta Madrilgo autonomia-erkidegoan sartzea debekatuta dute, bortxatu zuten biktima bertakoa delako.

Antonio Manuel Guerrero taldeko beste bortxatzaile bat ere, pasaportea berritzen saiatu zen espetxetik atera eta egun gutxira. Ihes egiteko saiaketa izan zela salatu zuten epaile ugarik baina aske utzi zuen epaitegiak.