740.000 lagunen babesa jaso du jada ostegunean abiatutako ekimenak. Nafarroako Lurralde Auzitegiko Francisco Cobo, Raquel Fernandina eta Ricardo Gonzalez epaileentzat desgaikuntza eskatzen dute ebatzi zutelako bortxaketa masiboan "ez zela biolentziarik ezta larderiarik izan".
Alba Mariñok abiatu du ekimenak. “Biolentzia matxista arazo larria da herrialde honetan, eta ezin dugu baimendu epaileek biolentziarik ez zela esatea kasu batean, zeinean bost gizonek emakume gazte bati eraso egin zioten, bortxatu, bideoz grabatu, telefonoa lapurtu eta ondoren abandonatu zuten", dio Change.org plataforman abiatutako sinadura bilketan .
Euskal Herrian izanezik, 2016ko sanferminetako kasu honen epaiak sumina eragin du nazioartean. Bereziki deigarriak izan dira Espainiako Estatuko zenbait hiritan egin diren manifestazio eta protesta jendetsuak. Guztietan oihua berdina izan da: "ez da abusua, bortxaketa da".