Akusazioa eta defentsaren arteko akordioaren ondoren, asteazkenean, Bartzelonako militar ohi bati bi urteko kartzela-zigorra ezarri diote, eta 20.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio 2016ko Iruñeko Sanferminetan bost gizonek bortxatu zuten gazteari. Epaiaren arabera, zigortutako gizonak foro batean zabaldu zituen emakumearen datu pertsonalak, argazkiak eta bortxaketaren beraren irudiak.
Kondenatuak onartu egin du Fiskaltzaren kontakizuna; ‘La Manada’ko bost gizonen erasoa pairatu zuen emakumea datuak, NANaren irudia, haren formakuntza akademikoa eta bortxaketaren irudiak zabaldu zituen Interneteko foro batean, emakumeari “iseka egin eta ezinegon morala” eragiteko asmoz.
Fiskaltzak bi urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatu zuen akusatuarentzat. Akusazio partikularrak eta herri-akusazioak hiru urteko espetxe-zigorra eskatu zuten. Akordioaren ondorioz, espetxe-zigorra murriztu egin da. Hala, militar ohia ez da espetxean sartuko, baldin eta kalte-ordaina ordaindu eta hiru urtean beste deliturik ez badu egiten. 1.320 euroko isuna eta erasoa jasan zuen emakumeari 20.000 euroko kalte-ordaina ematea onartu du akusatuak. Inputatu gisa egindako deklarazioan, argudiatu zuen berak 2017ko udan Iruñean bortxatu zuten gaztearen argazkiak eta datuak beste nonbaitetik “kopiatu eta itsatsi” baino ez zuela egin.
Militar ohiak kalte-ordaina emateko nahikoa dirurik ez balu, akusazio partikularrak eta herri-akusazioak eskatu dute, emakumearen datuak argitaratu zituen webguneak – Foroparalelo– bere gain hartzea. Webgunearen defentsa horren aurka agertu da.
‘La Manada’ko erasoaren epaia argitaratu zenean, Nafarroako Auzitegiaren “akats” bategatik, erasoa sufritu zuen emakumearen datu pertsonalak sarean eskuratzeko aukera eman zuen. Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak filtrazio hori aztertu zuen baina ez zuen erantzulerik bilatu, filtrazioa “akats sistemiko baten ondorioz” gertatu zela ebatzi zuen.
Defentsak positibotzat jo du asteazkeneko epaia, "indarkeria digitalei aurre egiteko estrategikoa" delako. Izan ere, kasu hauek erasoak salatzeko asmoa duten emakume guztiak iraindu nahi dituzte, biktima berriro biktimizatzeaz gain".