argia.eus
INPRIMATU
“La Manada”-ren epaileek 10 hilabeteko kartzelarekin zigortu dute bikotekidea hiltzen saiatu zen gizona
  • Erasotzailearen defentsak eskatzen zuena baina zigor txikiagoa ezarri diote. Epaiak ebatzi du “libreki eta borondatez” erabaki zuela emaztea ez hiltzea.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko azaroaren 22a
La Manada auzia argitara eman zenean, izandako protestetako irudi bat.

Iazko ekainaren 22an egin zuen erasoa gizonak. Sei hilabete lehenago banandu zen haren bikotekidea eta hiru egunera dibortzioa sinatu behar zuten. Emakumearen etxera joan zen ordenagailu baten bila, eta “eztabaida gogor” baten ondoren, gizonak hamabost zentimetroko xafladun aiztoa hartu eta emakumea eraso zuen, bi seme-alaben aurrean. Lepotik eutsi zion ezker eskuarekin, arnasa hartzea oztopatuz. “Haren bizia arriskuan jarri zuela jakitun zen, baina bere borondatez erabaki zuen ez hiltzea” ebatzi du epaiak. Zortzi aldiz aipatzen da bertan “libreki eta borondatez” erabaki zuela gizonezkoak emaztea ez hiltzea.

Deklarazio txanda guztien ondoren, azaroaren 22an eman da argitara epaia. Akusazio partikularrek 10 urteko kartzela zigorra eskatzen zuten, fiskaltzak zortzi urtekoa eta akusatuaren defentsak –ordezko zigor gisa–, bi urtekoa. Azkenean, “La Manada” auzia epaitu zuten epaileek 10 hilabete eta hamabost eguneko kartzela zigorra ezarri diote, guraso-ahala bi urtez kendu diote gizonari eta emazte ohiarengana eta seme-alabengana ezingo du gerturatu. Beraz, okerrik ezean ez da espetxera sartuko.

“Ez zen defenditu”

Lleidako Audientziak  –Herrialde Katalanak– berriki eman du argitara beste eraso matxista baten epaia. Lau urte eta erdiko zigorra ezarri diete osaba eta iloba bati, iazko udan emandako eraso batengatik, La Vanguardia-k jaso duenez. Bortxaketa zer den eta zer ez, zalantzan jarri da beste behin. "Biktimak ez zien aurre egin; etzanda geratu zen, isilik. Beraz, ez zen biolentziarik izan" dio epaiak.