Bi akusatuek espetxe zigorra berreikusteko eskatu ostean, Felix Taberna presidenteorde lehenak adierazi du ez dagoela zigorra murrizteko baldintza juridikorik: "Zigorrak dauden bezala mantentzeko adinako larritasuna du delituak". Defentsaren abokatuak salatu du bi detektibeek biktima zelatatu zutela hiru hilabetez.
2016ko sanferminetako talde bortxaketarengatik hamabosna urteko espetxe zigorrak betetzen ari dira bost gizon, La Manada gisa ezagutzen direnak. Bada, bost horietako bik –Jose Angel Prendak eta Jesus Escuderok– eurei ezarritako zigorra berrikustea eskatu diote Nafarroako Auzitegiko Bigarren Atalari, 2022an Espainian indarrean sartu zen Soilik baietz da baietz legean babestuta.
La Manada-ko beste bortxatzaile bat, Angel Boza, lege berean babestu zen 2024ko uztailean, berari ezarritako zigorra murrizteko, eta hala berretsi zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak: hamabost urtetik hamalaura murriztu zuen espetxe zigorra. Espainiako Auzitegi Goreneko epaileek kasu hartan adierazi zutenez, akusatuari hamabost urteko kartzelaldia ezarri zioten garaian legez ezarrita zegoen gutxieneko zigorretik "gertu" zegoelako, baina Soilik baietz da baietz legea onartu ondoren delitu horrengatik ezarri ahal zen gutxieneko zigorra urtebete eta hiru hilabetean murriztu zen.
Nafarroako Gobernua, ordea, Prendaren eta Escuderoren espetxe zigorra murriztearen aurka agertu da. Felix Taberna presidenteorde lehenak astelehenean eginiko prentsaurrekoan adierazi zuenez, ez dago "baldintza juridikorik" akusatuen zigorra gutxitzeko: "Herri akusazio gisa, uste dugu zigorren murrizketa automatikoa ez dela modu mekanikoan aplikatu behar, ikertuta baizik".
Biktima zelatatzeko kontratatutako detektibeak
Bi detektibek talde bortxaketaren biktimari hiru hilabetez jarraitu ziotela salatu du emakumearen defentsaren abokatuak, eta horientzako kartzela zigorrak eskatu ditu. (Defentsaren) Abokatuaren arabera, bost bortxatzaileetako baten amak kontratatu zituen bi detektibeak, eta emakumearen bizitza intimoaren irudiak hartu zituzten: esaterako, lagunekin edota familiarekin zegoela.
Emakumearen jarraipenarekin osatutako txostena bost gizonen aurkako ikerketan sartu bazuten ere, epaiketan kendu egin zuten. Txostena egin ondoren, detektibeek ondorioztatu zuten talde bortxake jasan zuen andreak ez zuela bere ohiko bizimodua aldatu sexu erasoaren ondoren: "Erretzen du, gauez ateratzen da, eta lagunekin kafea hartzen du", argudiatu zuten. Biktimaren defentsak bi urteko espetxe zigorra eskatu du bi detektibeentzat, bi delitu egotzita: sekretuak argitara atera izana deta intimitatearen aurkako delitua.