argia.eus
INPRIMATU
‘La Manada’ auziko bost bortxatzaileak aske utzi dituzte baldintzapean
  • Bederatzina urteko espetxe zigorra ezarri zien Nafarroako Auzitegiak berak baldintzapean aske utzi ditu, El Confidencial agerkariak jakitera eman duenez. 6.000 euroko fidantza ordaindu beharko dute kalera irteteko.

ARGIA @argia 2018ko ekainaren 21a

Auzitegiak jarritako baldintzen artean dago bost gizonek ezin izango dutela Madrileko Autonomia Erkidegoan sartu, bertan bizi baita bortxatu zuten emakumea. Horrez gain pasaportea kendu eta Espainiako Estatutik kanpo bidaiatzea eragotzi diete epaileek.

Erabakia hartzeko orduan, epaiamahaiko kideetako batek kontrako botoa eman du, presidenteak hain zuzen, bederatzi urtera kondenaturiko bortxatzaileek espetxean jarraitzearen alde azaldu da.

Euskal Herrian berehala etorri dira erreakzioak. Donostian, esaterako, kazerolada egingo dute arratsaldean Boulebarretik hasita; Bilbon, elkarretaratzea egingo dute Unamuno plazan, 19:30etan; Gasteizen ere elkarretaratzea egingo dute 20:00etan, Andra Mari Zuriaren plazan; eta Iruñerriko mugimendu feministak elkarretaratzea deitu du 19.00etan Iruñeko Udaletxeko plazan, auzitegiaren erabakiarengatik protesta egiteko:

Bortxatzaileak aske uzteko erabakiaren berri jakin ahala, Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan mugimendu feministako partaideak mobilizaziorako dei ugari egiten ari dira. Madrilgo mugimendu feministak, esaterako, Madrilgo justizia Ministerioaren atarian biltzera deitu ditu herritarrak arratsaldeko 19:00etan.

22 urteko kartzela eskaeratik, libre geratzera

Uztailaren 7an bi urte beteko dira Sanferminetako talde bortxaketa burutu zuten bost gizonei behin-behineko espetxeratzea ezarri zieten– 9 urteko zigorra bakoitzari–, eta legeari dagokionez behin-behineko espetxeratzeak iraun dezaken gehieneko epealdia bete denez, legeak beronen berrikusketa egiteko aukera jasotzen du. Hala, gaur, osteguna, Nafarroako Auzitegiko bigarren Aretoak baldintzapean aske uzteko erabakia hartu du. Epaiketan, fiskalak eta akusazio partikularrak 20 eta 22 urte bitarteko espetxe zigorra eskatu zuten.

Hala, Iruñeko espetxean diren José Ángel Prenda, Ángel Boza eta Jesús Escudero eta Madrilgo Alcala Mecon diren Antonio Manuel Guerrero eta Alfonso Jesús Cabezuelo, aske geratuko dira datozen orduetan.

Akusatuentzat kartzela mantentzearen alde agertu da akusazio partikularra, defentsa abokatuak eskatutako baldintzapeko askatasuna bertan behera uzteko eskatuz. Baldintzapeko askatasuna onartuz gero akusatuak ihes egiteko aukera “begi bistakotzat” jo zuen Victor Sarasa Iruñeko Udaleko abokatuak.

Mobilizazio jendetsuak epaia jakin ostean

Haserre eta amorruz bete ziren kaleak apirilaren 27an, epaia jakin berritan, Sanferminetan bost gizon hauek egin zutena bortxaketa izan zela argi uzteko

Egun hartan, erabakia hartu zuten hiru epaileak kargutik botatzeko sinadura bilketa abiatu zuten. Milioi bat atxikimendutik gora ditu kanpainak.