argia.eus
INPRIMATU
‘La Gaceta’-k barkamena eskatu die Iturrama Institutuari eta Amaiur Ikastolari
  • ‘Nafarroak 725.000 euroz saritu du Iturrama institutu ETAzalea’ titulua zeraman artikuluarengatik barkamena eskatu du, Nafarroako Gobernuak adiskidetze eskaerari erantzunez 

Euskalerria irratia @fm983irratia 2015eko azaroaren 20a
Iruñeko Iturrama Institutua.

Abuztuaren 15ean argitaratutako artikuluan esandakoarengatik Nafarroako Gobernuak adiskidetze eskaera aurkeztu zuen epaitegian La Gaceta agerkari digitalaren aurka. Eskaera horri kasurik egin ezean, ustezko irain eta kalumniengatik kereila kriminala jarriko ziola ohartarazi zion komunikabideari.

Atzo egin zen Madrilen adiskidetze ekitaldia, eta bertan adostasunera iritsi ez baziren ere, beranduago La Gacetako arduradunak harremanetan jarri ziren Nafarroako Gobernuaren ordezkariekin akordio bat sinatzeko.

Asteazkenean agerkarian argitara emandako oharrean barkamena eskatzen diete bi ikastetxe horietako ikasle, irakasle, ikasle ohi eta hezkuntza komunitate osoari beren ohorean eginiko kaltearengatik. Era berean, Iturrama Institutuko berrikuntza lanetarako 725.000 euroko diru laguntza ematea, joan den legealdian UPNren gobernuak hartutako erabakia izan zela aitortzen dute.

(CC lizentzia baliatuta, albistea Euskalerria Irratitik hartu da).