argia.eus
INPRIMATU
La Fuga Trail lasterketa bertan behera utzi dute antolatzaileek
  • Iruñerriko Ezkaba mendiko San Kristobal gotorlekuko 1938ko ihes ezagunaren ibilbidea lasterketa gisa aurreikusita zuten datorren maiatzerako, baina orain iragarri duenez bertan behera utzi dute.

ARGIA @argia 2018ko otsailaren 20a
Antolatzaileek haien webgunean jarritako oharra. Antolatzaileek haien webgunean jarritako oharra.

Joan den astean sortu zen ika-mika handia, lasterketaren babesleen artean Espainiako Defentsa Ministerioa, Espainiako Armada edota Diario de Navarra zirela jakin zenean. San Kristobal gotorlekua Espainiako Armadarena da egun ere, eta lasterketak bertatik abiatu behar zuen, horregatik agertzen zen Armada babesle gisa.

Sare sozialetan garrantzi handia hartu zuen gaiak, eta memoriaren zaintzan diharduten talde eta elkarteek jakinarazi zuten ez zela erraza ulertzea orduan preso haiek zigortu eta hil zituen armadak berak lasterketa babestea. Berdin aipatu zen Diario de Navarrari buruz, egunkari honek frankisten estatu kolpeari babesa eman ziolako orduan.

Antolatzaileek adierazi dutenez, “lasterketaren helburua zen duela 80 urte jazotako gertaerak ezagutzera ematea”, baina ez dela hala ulertu, eta atsekabez hartzen dutela gertatutakoa. Nafarroako zenbait eragile sozial, politiko eta instituzionalekin hitz egin dutela, eta batez ere memoria jorratzen duten taldeekin, eta horren ondorioz erabaki dutela proba bertan behera uztea.