Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako protestengatik. Kazetariak “Estatuko estoldek” haren kazetari jardunari emandako “erantzun” gisa ulertzen du kausa, La Directak jaso duenez. Jesús Rodríguezek hainbatetan kolaboratu izan du ARGIArentzat.
Manuel Garcia-Castellon Espainiako Auzitegi Nazionaleko magistratuak La Directa hedabideko erredaktore den Jesús Rodríguez, Estatuko estolden aurkako ikerketengatik gehien nabarmendu den Kataluniako kazetarietako bat, inputatzea erabaki du. Tsunami Demokratikoaren jarduerekin lotura izatea egotzi diote. Mugimendu hori 2019an sortu zen, Espainiako Auzitegi Gorenak 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren antolaketaren aurka emandako epaiaren harira: mugimendu ez-biolentoa izan zen eta milaka pertsona desobedientzia zibila praktikatzera eraman zituen, hala nola, Bartzelonako nazioarteko aireportua blokeatu zutenean. Haren aurka egindako protestengatik inputatu dute.
Garcia-Castellonek “terrorismoaren esparruan” kokatu ditu Tsunami Demokratikoak eginiko jarduerak: “Segurtasun indar eta kidego askoren integritate fisikoa arriskuan jarri zuten: manifestariena, bidaiariena, baita instalazioko langileena ere”. Frantziako herritar baten heriotzarekin lotu ditu, protestetako batean bihotzekoaren ondorioz hil zen herritarraren kasua berreskuratuta.
Jesús Rodríguez kazetariak, berriz, “Estatuko estoldek” haren kazetari jardunari emandako “erantzun” gisa ulertu du auzipetzea, eta haren aurkako “erasotzat” hartu du: “Iturri ugarietatik informazioa lortzeko dudan eskubidearen aurkako eraso zuzena da”.
ERC eta PSOEren akordioa
Aministia-legearen negoziazio betean iritsi da albistea. Oraingoz, ERC eta PSOEk ezarritako akordioan, “heriotza dakarten terrorismo delituak etorkizuneko legearen babesetik kanpo” geratuko liratekeela jaso du La Directak.
Berehalako erreakzioak
Kazetaria inputatuen zerrendan sartu izanak “haserrea” eragin du komunikazioaren eta informazioaren munduarekin lotutako profesionalen eta kolektiboen artean. Besteren artean, Ramon Barnils Kazetari Taldeak, “babes osoa” eman dio kazetariari eta ukatu egin du Tsunami Demokratikoari lotutako ekintzek “terrorismoarekin zerikusirik” zutenik.
Antza, informazioaren arloko zenbait profesionalek ere antzeko jarrerak erakutsi dituzte, besteak beste, Vicent Partal Villaweb-eko zuzendariak edo Enric Borrás Ara egunkariko zuzendariordeak. Hori gutxi ez, Iridía Giza Eskubideen Defentsarako Zentroak honakoa adierazi du: “Kazetari bati terrorismoa leporatzea informazio-askatasunaren aurkako eraso nabarmena da”.