La Cumbre Jauregia biktimen aitortzarako, erreparaziorako eta dibulgaziorako gune bilakatzeko proposamena egin dute memoriaren inguruan dabiltzan hainbat taldek eta Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren senideek. Memoria Demokratikoaren Legearen arabera, eraikina Donostiako Udalaren eskutan geratuko da, “memoria leku” izateko.
Toki ilun eta mingarri izatetik, estatuaren aldetik giza eskubideen urraketak jasan dituzten “biktimen etxe” bilakatu nahi dute La Cumbre jauregia. Hala proposatu dute astearte arratsaldean Donostiako Ernest Lluch kultur etxean egindako ekitaldi batean Egiari Zor, Aranzadi, Argituz, Mikel Zabalza herri ekinaldia, eta Berridatzi elkarteek, baita Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren senideek ere.
1983an GALek bere barruan Lasa eta Zabala torturatu zituenean, eraikina Espainiako Barne Ministerioak jabetzan hartu berria zuen. Orain, Donostiako Udalaren eskutan geratuko da Espainiako Memoria Demokratikoaren Legeak jasotzen duenez. Baina behin “memoria leku” izendapena jasota, zer funtzio izango duen definitu beharra dago, eta talde memorialistek eta biktimek euren proposamena zehaztu dute.
1983an GALek bere barruan Lasa eta Zabala torturatu zituenean, eraikina Espainiako Barne Ministerioak jabetzan hartu berria zuen. Orain, Donostiako Udalaren eskutan geratuko da Espainiako Memoria Demokratikoaren Legeak jasotzen duenez
Erreparaziorako “espazio psikosozial bat”
Eremu “museografiko” batetik haragoko espazioa izango litzateke jauregia, astearteko aurkezpenean azaldu dutenez. Hala, Poliziaren eta talde parapolizialen biktimen aitortza eta erreparazioa bilatuko luke, eta horrez gain, ikerketa eta dibulgazioa ere sustatuko lituzke.
Proposamenaren arabera, eraikinaren barrualdean frankismoaren eta “Trantsizioa” deituriko garaian izandako giza eskubideen urraketen inguruko erakusketa bat legoke, eta kanpoaldeko lorategietan, berriz, espazio artistiko bat, jauregia herritarrei irekita egoteko. Gainera, EHUk eta Aranzadik koordinaturiko dokumentazio gune bat ere jasoko luke.
Eremu “museografiko” batetik haragoko espazioa izango litzateke jauregia, astearteko aurkezpenean azaldu dutenez. Hala, Poliziaren eta talde parapolizialen biktimen aitortza eta erreparazioa bilatuko luke, eta horrez gain, ikerketa eta dibulgazioa ere sustatuko lituzke
Beste proiektu eta zentro batzuekin harremana etengabekoa izan beharko luke Donostiakoak, Gasteizko Martxoak 3 Memoriala edo Terrorismoaren Biktimen Memoriala, Gernikako Bakearen Museoa, Gogora erakundeak Bilbon duen espazioa, edo frankismoaren biktimen gorpuzkiak jasotzen dituzten Duintasunaren Kolunbarioak tarteko.
La Cumbre “espazio psikosozial” bat ere izango litzateke, biktimen akonpainamendurako zerbitzu psikologiko eta sozialak eskainiko lituzkeena. Aurkezpenean Olatz Retegi antropologoak azaldu du beharrezkoa dela pertsona horiek modu espezializatuan artatzea, “mina izaten jarraitzen baitute”.
Erakundeen erantzunaren zain
Biktimen senideez eta hainbat ordezkari politikoz gain, memoriaren inguruan dabiltzan adituak ere izan dira proposamenaren aurkezpenean, hala nola Bertha Gaztelumendi zinegilea edo Javi Buces Aranzadiko ikerlaria. Azkeneko horrek Euskadi Irratiari azaldu dionez proposamena jadanik erakunde publikoei helarazi diote eta “erantzun positiboa” espero dute.
Pasa den abuztuan hainbat hedabidek filtratu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak badutela zirriborro bat esku artean La Cumbreren funtzioa eta etorkizuna zehazten joateko: “Itxaroten ari gara, beste proposamen batzuk daudelako. Agian ez da gure proposamena ehuneko ehunean izango, baina inportanteena zentro hori garatzea da”, esan du Bucesek.