La Caixak Berriozarren zeukan etxe huts bat erabili du Nafarroako Hipotekak Kaltetutakoen Plataformak (PAH gaztelaniazko sigletan) Iruñeko familia etxegabetu bati ostatu emateko.
La Caixak bota zituen etxetik Marcos Morán eta bere familia 2008an eta banku horren jabetzako etxe batean sartu dira orain.
Okupazio ekintza honekin lortu nahi dute finantza erakundeak kitatu dezala familiari eskatzen dion zorra, Morán eta bere emaztea lanik gabe baitaude eta ekainean 426 euroko dirulaguntza jasotzeari utziko diote.
Zorra bertan behera uztearekin batera, familiak nahi du La Caixak negozia dezala Berriozarren okupatu duten pisuarentzat alokairu soziala, gehienez familiaren diru-sarreren %30ekoa izango litzatekeena.
PAHren izenean Laura Berrok adierazi du astelehenekoa bezalako ekintzak “zerrenda luze bateko aurrenekoa” baino ez izatea. Diario de Noticiasek jaso dituen adierazpenetan dioenez, “badirudi egoerak hala eskatuko duela” eta ekintzak “erabateko zilegitasuna” dauka.