argia.eus
INPRIMATU
La Caixak hiru familia etxegabetu nahi ditu Bilbon
  • Babes Ofizialeko Etxebizitzetan bizi dira familiak, eta La Caixak ez dizkie alokairu-kontratuak berritu nahi. Bilboko Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, bizilagunak kaleratuz, "alokairu sozialetatik aberasten da" banketxea. "Etxegabetzeak berehala eta baldintzarik gabe eten ditzala" exijitu dio Etxebizitza Sindikatuak, baita "amaitzeke dauden alokairu-kontratuak luza ditzala" ere.

Gedar @GedarLangileKZ 2024ko apirilaren 04a
Etxegabetze bat Bilboko Txurdinagan, joan den urtarrilean.

Euren etxeetatik kanporatuak izateko arriskuan daude Bilboko (Bizkaia) hiru familia, Boluetan eta Zorrotzan. La Caixak etxegabetu nahi ditu, InmoCaixa bere filialaren bidez. Bilboko Etxebizitza Sindikatuak eman du egoeraren berri: Babes Ofizialeko Etxebizitzetan bizi dira familia horiek, alokairu-erregimenean, eta banketxeak ez dizkie kontratuak berritu nahi.

2008ko krisi-testuinguruan, La Caixak hainbat lurzoru erosi zituen Bolueta eta Zorrotza auzoetan, Etxebizitza Sindikatuak azaldu duenez. Horietan kokatutako Babes Ofizialeko Etxebizitzak alokairu-erregimenean sartu zituzten, eta 43 familiari esleitu zizkieten 2013an. Horietatik hiru dira orain etxegabetuak izateko arriskuan daudenak, baina ohartarazi dute ez direla kasu bakarrak.

Etxebizitza negozio-iturri La Caixarentzat

"Gaur egungo maizterrak kanporatuz", negozioa egin nahian eta bere irabaziak handitu nahian ari da La Caixa, Etxebizitza Sindikatuaren esanetan. Hala laburbildu du banketxearen estrategia: "Ez ditu kontratuak berritzen, etxeak prezio astronomikoen truke erosteko aukera ematen die maizterrei, alokairuaren prezioak igotzen ditu (kasu batzuetan, azken urteetan, 325 eurotik 700 eurora igo dizkiete) edo, maizterrak kanpora bota ondoren, etxeak gelaka banatzen ditu, etekin handiagoa ateratzeko".

Sindikatuak seinalatu du, hala, etxebizitza soziala ere "negozio bat" dela bankuentzat. La Caixaren kasuan, lurzorua merkeagoa zenean erosi zituen horiek, eta "kostu baxuan eraiki zituen eraikinak", kalitate txarrean. Orain, "hamar urte baino gehiagoko alokairu sozialetan inbertsioa amortizatzea" lortu du banketxeak, eta "are etekin handiagoa atera nahi du, bizilagunak kanporatuz".

Etxegabetzeak baldintzarik gabe eten

Bilboko Etxebizitza Sindikatuak exijentzia batzuk egin dizkio La Caixari: martxan diren hiru etxegabetzeak "berehala eta baldintzarik gabe eten ditzala", eta "amaitzeke dauden alokairu-kontratuak luza ditzala". Kaleratuak izateko arriskuan dauden hainbat bizilagunen lekukotzak bildu ditu sindikatuak, ondoko bideoetan: