Société Générale bankuaren kutxazaina erre dute bart gauean Ziburun. Ustez, Frantziako Gobernuak ezarri nahi duen lan erreformaren aurkako ekintza izan da.
Astelehen goizaldean erre dute kutxazaina. Egoitzaren segurtasun arduradunaren arabera, pneumatiko bat erre dute kutxazaina kiskaltzeko. “Stop CAC 40, 49-3” pintaketa egin dute horman.
Kutxazaina kaltetu eta eraikinaren fatxada belztu den arren, ekintzak ez du kalterik eragin bankuaren egoitza barnean.
Protestak Frantziako Estatuan
Azken hilabeteetan protesta ugari egin dute Frantziako Estatuan Parisek ezarri nahi duen lan erreformaren aurka.
Gobernuak dekretuz onartu nahi du neurria. Gizarte sektore ugariren ezinegona eragin du erabakiak eta erreformaren aurkako mugimenduak sortu dira, Nuit Debout kasu.