Bizkaiko BBKko eta Arabako Vitaleko batzar nagusiek erabaki ostean bankako fundazio bihurtzea, hori udazkenean gauzatzeko prozesuan ari da Gipuzkoako Kutxa. ARGIAk eskuratu ahal izan du eta eskaintzen du (PDF formatuan) Madrilgo Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioarekin Kutxako zuzendaritza negoziatzen ari den estatutuen proiektua. Horren ondoan eskaintzen dugu Kutxaren batzar nagusiko kide den Julian Zapiain Alonsok estatutuei aurkeztu dizkien emendakinak.
Bizkaiko eta Arabako kutxetan nagusitasun nabarmena daukan koalizio politikoak Gipuzkoan oso justu agintzen duenez, fundazio bihurtzeko prozesua mantsoago eramateaz gain estatutu ezberdinetan oinarritzea ari dira lantzen Kutxako oraingo agintariak, Xabier Iturbe buru. Ondorengo asteetan ikusi beharko genuke gizarteratzen pribatizazioaren kontrako indar politiko eta sozialek dauzkaten proposamenen inguruko eztabaida. Guk dakigula, Ekai taldeak ireki du eztabaida, agiri mamitsu batean ohartaraziz Gipuzkoarako espreski sortutako fundazio malguago eta partehartzaileago batek ibilbide laburra egingo lukeela Araba eta Bizkaikoetan eredu hori bera edo antzekoa ezarri gabe.