Kutxa Fundazioa Tabakaleran edukitzen ari den jarrera “guztiz desegokia” salatu du EH Bilduk. Finantza erakundea ia bi urtez ezer ordaindu gabe egon da kultura garaikideko zentroan, Amaia Almirallek salatu duenez.
2015eko irailetik 2017ko ekainera bitartean 366.182,44 euroko zorra egin du Kutxak, Tabakaleran ordaindu gabe utzi dituen obligazioengatik. “Uztailean horren zati bat ordaindu zuen baina berriz ez ordaintzeari ekin dio eta dagoeneko, iraileko gastuak barne, 171.228 euroko zorra du, urte bukaerarako 250.000ra ailegatuko dena”, adierazi du Almirallek.
EH Bilduko kideak esan du du Kutxak eraikinaren erabiltzaile den aldetik obligazioak dituela, “hala nola bertan sortzen dituen gastuak hilero ordaintzea, edozein eraikinetan egiten den moduan, alegia. Baina Kutxak ez du ordaintzen, eta etengabe jarrera morosoaren arabera jokatzen ari da”.
Horrela funtzionatzeak Tabakaleraren likideziari eragiten diola ohartarazi du Almirallek, eta Donostiako Udaleko ordezkariak kritikatu ditu jarrera horren aurrean “neurri egokirik” hartu ez dutelako.
Gainera, EH Bilduk gogora ekarri du “finantza erakundeak bere zordunekiko izan duen jarrera halako kopuruekin”, zeharkako erreferentzia eginez hipoteka ordaindu ezinean ari den jendea etxetik botatzeko Kutxak izan duen politikari.