argia.eus
INPRIMATU
Kutxabanken pribatizazioaren kontrako herri sarea martxan
  • Kutxabanken pribatizazioaren aurkako herritarren sarea sortu nahi du Kutxabank Publikoa bilguneak. Horretarako, hitzaldiak emango dituzte hurrengo asteetan Donostian, Gasteizen eta Bilbon.

Judith Perez @judyjudd 2014ko irailaren 30
Kutxabanken pribatizazioaren kontrako manifestazioa Bilbon (argazkia: EFE)

Kutxabanken pribatizazioa salatzeko eta finantza sistema propioa aldarrikatzeko helburuarekin, taldeak sortu nahi dituzte herriz herri eta auzoz auzo. Hitzorduak hauek dira:

-Bilbo: urriak 1, 18:30, Alde Zaharreko EHUren egoitza.

-Donostia: urriak 8, 19:00, Egiako Kultur Etxea.

-Gasteiz: urriak 9, 19:00, Aldabe Gizarte Etxea.

Handitzeko obsesioak eta inbertsio espekulatzaileek, besteen artean, ehunka milioitako galerak ekarri dituztela salatu du Bilguneak, eta ondorioz “gizarte ekintzara bideratzen den dirua erdira jaitsi dute eta etorkizunean kolokan dago”.

“Malgutasun gutxien erakusten duen eta etxegabetze gehien egiten duen entitatea da eta ordainean emateari edo alokairu sozialari etengabe ezetz esaten die”, salatu dute.

Kutxabanken pribatizazioarekin “estatu kolpea” ematen ari direla, kontrol publiko eta soziala saihestu nahi dutela eta Kutxabanken boterea, eragiteko gaitasuna eta ondarea onura pribaturako, eta ez euskal herritar guztien onurarako, erabili nahi dutela ohartarazi dute Change.org gunean argitaratutako eskaeran.