Kutxabankek kalean utzi du ostiral goizean hiru haur dituen familia Madrilen, etxea salmentan dagoela argudiatuz. Abuztutik finantza erakundeak hutsik zuen etxe batean bizitzen ari ziren, langabezian geratu ondoren ezin zutelako alokairurik ordaindu. Alokairu soziala ere ukatu egin zien Kutxabankek.
La Marea atariak etxetik bota duten familiako kide baten hitzak jaso ditu ostiraleko exekuzioa baino lehen. Azaldu duenez, errenta minimoa kobratzen hasi zenean Madrilgo Villaverde auzoko Kutxabankeko bulegoko zuzendariarengana joan zen, alokairu soziala eskatzera. “Hau banku bat da, ez GKE bat” argudiatuz, ezezkoa eman zion. Alokairua ordaintzen jarraitu ezin zutenez, Kutxabankek hutsik zuen etxe batean sartu ziren bizitzera.
Hiru aldiz saiatu da Kutxabank familia botatzen. Lehenengoa apirilean izan zen, baina bizilagun eta aktibisten laguntzari esker etxean geratu ahal izan zuten. Ondoren, beste etxegabetze agindu bat eman zuten maiatzaren 21erako, baina beraien semea jaiotzeko gutxi falta zenez, etxegabetzea ekainaren 27ra atzeratu zuten.
Kanporatua ez izateko etxean giltzaperatua egon da familia hainbat aktibistekin batera ostegun gauetik. Bi kamera erabili dituzte, bata etxe barruan, eta bestea kanpoan, gertatutako guztia grabatzeko.
Ez dute etxegabetzea saihestea lortu, eta poliziak indarrez bota ditu ostiral goizean. Sare sozialek jasotzen dutenez, erasoak, atxilotuak eta poliziaren kargak izan dira. Twitterren #jorgesequeda traola erabiliz egiten ari dira gertatutakoaren jarraipena.