Irantzu Lekue artista gasteiztarraren aurka jarria zuen salaketa erretiratu du Kutxabankek, Lekuek berak jakinarazi duenez.
Twitter bidez eman du albistea astelehen goizean.
.@Kutxabank ek oraintxe jakinarazi dit #SOSKREA ren aurkako salaketa kendu berri duela Orain arazoaren muinera jo behar dugu. Krea zabalik!!
— Irantzu Lekue (@Ira_Lekue) September 14, 2015
2014ko abenduan Krea eraikinean egindako performanceagatik jarria zion salaketa.
“Instituzioek 18 milioi euro gastatu dituzte eraikin hau konpontzen, eta orain abandonatu egin dute eta ahaztua izan da. Bitartean, artistok baldintza oso txarretan egin behar dugu lan, eta ez dugu ia laguntzarik ezta espaziorik”, adierazi zuen Lekuek protestaren ondoren, Gasteiz Hoy egunkariak argitaratu zuenez. “Rangoli” bat margotu zuen eraikinaren kanpoaldean artistak, eta Udaltzaingoak handik desalojatu zuen.
Krea eraikina kulturaren eta artearen gune izatera zegoen bideratua hasiera batean. Caja Vitalen esku utzi zuen Udalak Betoñoko konbentu zaharra, proiektua aurrera ateratzeko. Inbertsio handiak egin ondoren, ordea, egun abandonatuta dago. Hasierako proiektua alde batera utzi eta INTL Campus proiektuarekin unibertsitate amerikar pribatua ezarri nahi dute orain Krean.
EH Bilduk apirilean jarri zuen Gasteizko Udalaren kontrako salaketa, hasierako proiektua baztertzean Krea eraikina Udalaren ondarera ez itzultzeagatik, Caja Vitalekin adostu bezala.
Krea eraikinekoaz gain, performance gehiago ere egin ditu artista gasteiztarrak. Apirilean, 7.000 oinetako inguru bildu zituen Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan, zapatekin irudi bat osatuz.
Udaletxera zuzendutako gezia ikus zitekeen Gasteiz “berri, jator, integratzaile zabal eta kultur aniztasunean oinarritutakoa” irudikatuz. Javier Marotoren politika arrazista eta baztertzaileak salatzeko ekintza izan zen apirilekoa.