argia.eus
INPRIMATU
Kutxabankek funts putre bati hipoteka-maileguak saldu izana salatu du Jaurlaritzan Stop Kaleratzeak plataformak
  • Stop Kaleratzeak plataformak agerraldia egin du Eusko Jaurlaritzan, Kutxabankek gauzatutako hipoteka-maileguen salmenta salatzeko, eta horrek eragindako egoeraren aurrean Jaurlaritzari zenbait eskakizun helarazteko; besteak beste, salmentaren eraginez gauza daitezkeen etxegabetzeen aurrean, kaltetutako familiei alternatibak eskaintzea exijitu diote.

Amaia Lekunberri Ansola 2022ko azaroaren 16a
Bilboko San Frantzisko auzoan funts putreen aurka egindako elkarretaratzea (Argazkia: Ecuador Etxea)

Stop Kaleratzeak plataformako bi kidek, Kutxabankek gauzatutako hipoteka-zorren salmentak kaltetutako bi pertsonarekin batera, hitza hartu zuten asteartean Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren aurrean. Helburua: Kutxabankek egindako salmenta eta haren eragina salatzea, eta Eusko Jaurlaritzari eskakizunak helaraztea.

Uztailean 2.500 hipoteka-mailegu saldu zizkion Kutxabankek Zima Finances inbertsio-funtsari, 250 milioi euroren truke. Bankuak "toxiko" gisa kalifikatutako zorrak ziren, hala deitzen baitzaie bankuaren begietara osorik kobratuak izateko probabilitate murritza duten zorrei. Hala, zorrari aurre egin ezinik zebiltzan hainbat familiaren maileguak gainetik kendu ditu Kutxabankek, horiek bezeroen zorra baino merkeago salduz funts putreari. Hala azaldu zuen Stop Kaleratzeak plataformak urrian, salmentaren berri izan eta gutxira: "Banku guztiak ari dira zor berankorrak funts putreei saltzen, bezeroen zorraren oso azpitik dagoen prezioan. Baina Espainiako Auzitegi Gorenaren 728/2020 epaiak zordunei eragozten die beren zorra erostea funts putreari saldua izan zaion prezio irri-egingarrian. Hala, bada, bankuek eta funts putreek irabazten dute, eta hipotekatutako jendeak galtzen du". Izan ere, behin maileguak funts putreen eskuetara pasata, etxegabetze-demandak aurkezteko eta familia kalteberak kalean uzteko aukerak areagotzen dira, bankuen kasuan ez bezala, Bankuen Praktika Onen Kodea ez delako funts putreei aplikagarria.

Kutxabanken salmentak 2.500 zorduni eragin die, eta horien artean daude EAEko hainbat familia. Horregatik, plataformak bi eskakizun zuzen egin dizkio Jaurlaritzari: familia horien zaurgarritasun egoeraren aurrean duen erantzukizunaz ohartarazteko azarotik aurrera Kutxabankeko zuzendari izango den Anton Arriola Bonetari, batetik; eta bestetik, 2015eko Etxebizitza Legea beteaz, etxegabetuak izateko arriskuan egotera pasako diren familiei alternatibak eskaintzea, etxebizitza parke publikoa baliatuz.

Ohartarazi dutenez, gainera, Kutxabank eta beste zenbait bankuk beste hipoteka-mailegu sorta bat saltzeko asmoa dute Lezama Proiektua deiturikoaren bidez, eta horrek zaurgarritasun egoerara bultzatuko lituzke beste hainbeste familia.

Lezama Proiektuak, Kutxabankek urrian gauzatutako salmentak nola, hainbat hipoteka-mailegu sorta berean salduko lituzke. Hipoteka-maileguak sortaka saltzeak maizterrei eroslehentasun-eskubidea eta atzera-eskuratzeko eskubideaz ukatzen die, Espainiako Auzitegi Gorenaren epai batean oinarrituta. Maniobra garbi azaltzen du Kaleratzerik Ez plataformako Rosa Garcíak Jaurlaritzan egindako hitzartzearen zati bat jasotzen duen bideo honetan:

 

https://twitter.com/STOPdonostia/status/1592588192397819905?s=20&t=vtMvZhDtaIk2srh1dzjAf

https://twitter.com/STOPdonostia/status/1592588192397819905?s=20&t=vtMvZhDtaIk2srh1dzjA2008ko higiezinen-burbuilaren eztandaren parekorik gerta ez dadin, eta eztanda hark eragindako albo-kalteak berriz ez pairatzeko, Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten alderdiei eskatu die Bankuen Praktika Onen Kodea modu zabalagoan aplikatzeko neurriak bultzatzea, funts putreei ere Bankuen Praktika Onen Kodea betearaztea exijitzeko.

Donostiar gehiago Azora funts putreak etxegabetzeko arriskuan

Herritarren etxebizitzak funts putreen eskuetara pasatzeak dakarrenaren adierazle da Azora Donostian egiten ari dena. Vascongada higiezinen-agentzia erosi ondotik, Azora funts putreak burofaxak helarazi die hainbat maizterri, alokairu kontratuaren akaberaren berri emanez. 2020an erositako etxebizitzetako maizterren kontratuak eta baldintzak mantentzea adostu zuten arren Eneko Goia alkatearekin, emandako hitza hautsi du Azorak: azaroaren 3an Groseko zortzi bizilaguni burofaxa helarazi zien kontratuen akaberaz ohartaraziz, eta Inquilinos Azora eta Stop Kazeratzeak plataformak berriki salatu dutenez, ordutik igo egin da Azoraren burofaxa jaso duten Groseko auzokideen kopurua.