Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduaren ustez, Gipuzkoa Donostia Kutxak euskaldunen hizkuntza eskubideen alorrean atzera egin du Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako kutxek bat egin dutenetik. Kutxabankeko langileen eta bezeroen kexak iritsi zaizkio EHEri.
Kexa gehienak Gipuzkoatik jaso dituzte, eta horregatik, maiatzaren 22an Gipuzkoako Kutxako hizkuntza kudeatzailearekin bildu ziren. Egoeraren berri eman zien EHEko hainbat kidek eta hizkuntza kudeatzaileak adierazi zien salaketa Kutxabankek Bilbon duen zuzendaritzara igortzeko konpromisoa hartuko zuela.
EHEk Kutxako ordezkariari emandako eskutitzean ondoko hizkuntza eskubide urraketak agertzen dira:
-Bezeroei arreta eskaintzeko postuetan erdaldun elebakarrak diren langileak ezarri dituzte. Orain arte, postu horietan euskaraz normaltasun osoz aritzeko aukera zegoen.
-Bezeroek euskara hautatua izanagatik, kutxazainetan gaztelania lehenetsi dute orain.
-Kutxak duela urte batzuk barne mailako sistema informatikoa euskaraz ezartzea lortu zuen. Bateratzearen ondoren gaztelania hutsean funtzionatzen duen sistema ipini dute.
-Hainbat bezerok Kutxarekin harremana (gutun eta jakinarazpen bidez) euskaraz zuen. Bada orain, gaztelaniaz jaso dituzte.
EHEren ustez, Gipuzkoa Donostia Kutxak lorpen esanguratsuak egin ditu urte luzeetan euskaldunekiko harremana euskaraz izateko, baina kutxen bateratzearekin lan guztia bertan behera geratu da.