argia.eus
INPRIMATU
Antón Arriola (Kutxabankeko presidentea):
“Kutxabankek Euskadiko mugetatik kanpo hazi behar du”
  • Kutxabankeko presidenteak finantza entitatearen hurrengo urtetarako asmoak azaldu ditu Cebek Bizkaiko patronalak egindako jardunaldi batean. Bere hitzartzean iradoki du Euskal Herritik kanpo hazteko proiektua duela Kutxabankek, eta horretarako banku pribatuetan eta inbertsio bankuetan jarri du begia.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko maiatzaren 11
Anton Arriola, Kutxabankeko presidentea, ezkerretik lehenengoa. Cebek-eko ekitaldian izan zen Eroski eta Cie Automotiveko ordezkariekin mahai-inguruan. Argazkia: Cebek

Kutxabanken norabide aldaketa iragarri du Anton Arriolak. Kutxa, Caja Vital eta BBK aurrezki kutxen pribatizazio prozesu batetik sorturiko bankuko presidenteak Cebek Bizkaiko enpresarien elkarteak antoalatutako jardunaldi batean hitz egin du Bilbon, asteazkenean.

Lehen pribatizatu, eta orain hazi. Bere esanetan, azken hamarkadan bulegoak gutxitu –eta langileak kalean utzi– eta "saltsatan sartu gabe" ibili dira, baina orain "hazkundearen erronkari" heldu nahi dio bankuak. "Hazi egin behar dugu, Euskadiko mugetatik kanpo hazi behar dugu", esan du.

Azaldu du Kutxabanken presentzia handia dela Madrilen, Andaluzian, Bartzelonan eta Valentzian, baina "geografikoki eta jardueren bidez hazi behar dugu", berretsi du. Horretarako, orain arte hipoteken negozioan oinarritu badira ere, enpresetan inbertitu nahi du Kutxabankek, eta gainera, banku pribatuen eta inbertsio bankuen hedapen proiektu garrantzitsuak aztertzen ari direla ere esan du.

Espainiako Gobernuak bankuei ezarritako zergarekin kexu azaldu da, nahiz eta hala ere aurten %52 etekin gehiago izan duen Kutxabankek, iazkoarekin alderatuta.

Kutxabank ez da salbu

Arriolak onartu du interes-tasen igoerak mesede egin diola Kutxabanki, baina ohartarazi du Silicon Valley Bank-ekin gertatu bezalako hondoratzeek erakutsi dutela "zeinen azkar jo dezakeen likidezia krisi batek eta nola kutsa litekeen".

AEBetako banku horren tipologia Kutxabanketik "oso desberdina" den arren, aitortu du finantza sektorean gaur egun badaudela "azeleragailu" batzuk teknologia digitalen azkartasunarekin zerikusia dutenak eta bat-batean gordailu guztiak bankutik aterarazi dezaketenak: "Denoi eragiten digu", esan du. AEBetan behinik behin, "behatzak gurutzatuta dauzkate".