argia.eus
INPRIMATU
Galdakaoko bi familia etxetik bota nahi dituzte Kutxabankek eta Santander Bankuak
  • Galdakaon 67 urteko pentsiodun bat eta emakume bat bere hiru seme-alabekin etxetik botatzeko prozedurak abian dituzte. Arduradunak Kutxabank eta Santander Bankua dira putre funtsekin elkarlanean. Astelehenean egindako prentsaurrekoan Etxebizitza Sindikatuak salatu du egindako negoziazio saiakera guztiei ezezkoa eman dietela. 

ARGIA @argia 2022ko azaroaren 28a
Kutxabankek eta Santander Bankuak Galdakaoko bi familia etxetik bota nahi dituztela salatu dute. / Argazkia: Galdakaoko Etxebizitza Sindikatua

Galdakaon bi familia etxetik botatzeko prozeduran daude Kutxabank eta Global Pantelaria (Santander Bankuak eta Cerberus Capital Management putre funts estatubatuarrak osatutako elkartea). Etxebizitzarik gabe geratzeko arriskuan daudenak 67 urteko pentsionista bat eta emakume bat bere hiru seme-alabekin dira. Galdakaoko Etxebizitza Sindikatuak Kutxabankekin eta Santander Bankuarekin eta Cerberusekin negoziatzeko saiakerak egin ditu, baina horiek aukera guztiei ezezkoa eman diete, sindikatuak astelehenean prentsaurrekoan salatu duenez.

Hasteko, sindikatuak gogorarazi du ez dela legezkoa 60 urtetik gorakoak etxetik botatzea baldintza ekonomiko kaxkarrak baldin badituzte, kasu honetako pentsiodun galdakaotarraren gisan. Sindikatuak agiriak aurkeztu ditu hori frogatzeko, eta hainbat negoziazio saiakera egin ditu; baina Kutxabankek bere erabakian aurrera egiteko asmo irmoa agertu du. Herritarrek protestak ere egin dituzte bankuaren bulegoaren atarian, "Patxi ez doa inora" lelopean.

Bestetik, Santander Bankuak Cerberus putre funtsarekin elkarlanean hiru seme-alaba adingabeko familia bat etxetik botatzeko prozedura martxan jarri zuen irail amaieran. Etxebizitza Sindikatuak azaldu duenez, kaleratzea ekiditeko alokairu sozialaren inguruan proposamenak egin dizkie, baita bankuak bere jabetzan dituen etxebizitza hutsen bat erabiltzekoa ere, baina Santander Bankuak eta Cerberusek ez dute ezer adostu nahi izan.

Bi familiak etxebizitzaren espekulazioaren biktimak dira, “beste milaka herritar bezala”. Izan ere, sindikatuak jakitera eman du Kutxabankek uda honetan 2.500 hipoteka mailegu utzi zituela putre funtsen eskuetan, jakinda horiek etxebizitzak salerostetik bizi direla eta ez dutela arazorik izango familiak etxetik botatzeko. Berdin Santander Bankuarekin, zeinak Cerberus mundu mailako putre funtsa duen lagun higiezinen merkatuan. Galdakaoko Etxebizitza Sindikatuak bertan ere egin ditu protestak. 

Prentsaurrekoan, Gadakaon etxebizitzarik gabe geratzeko arriskuan dauden bi familien kasuak salatzearekin batera, aurrerantzean antolatzear diren protesta eta erresistentzia ekintzetan parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei. Momentuz, iragarri dute datorren abenduaren 15ean manifestazioa egingo dutela, 19:00etan Santi Brouard plazatik abiatuta.