Joaquin Almunia Europako Lehiakortasun Batzordeko buruak adierazi duenez, NovaCaixaGalicia, CatalunyaCaixa edo Banco de Valencia ixteko zorian egon litezke. “Oker ez banago, Espainiako agintariek hiruretako bat likidatu egin nahi dute eta ez mantendu” adierazi dio Almuniak Reutersi. Albisteak badu eragina Hego Euskal Herriko ekonomian, Kutxabankek CatalunyaCaixa bereganatzeko asmoa adierazi baitzuen maiatzean.
Beste banketxe batzuek ere CatalunyaCaixa erosteko eskaintzak egin dituzte, Santander eta BBVA bankuak besteak beste. Dena den, enkantea atzeratu egin zuen Espainiako Ekonomia Ministerioak joan den hilabetean. Ekainaren 13ra arteko epea zegoen Herrialde Katalanetako kutxarengatik eskaintzak egiteko, baina Guindosen ministerioak hilaren 27ra arte luzatu du.
Kutxabankek prozesu horretan jarraituko balu eta CatalunyaCaixa erosiko balu, 150.000 milioi euroraino haziko litzateke, gaur egun daukan dimentsioaren bikoitza. Baina operazioa, gaurko albisteak konfirmatzen duenez, arrisku handikoa da. LAB sindikatuak maiatzaren 15ean salatu zuenez, operazio hori gauzatu ahal izateko beharko lituzkeen baliabideak modu bakarrean lor daitezke: Euskal Herriko enpresa estrategikoetan daukan parte hartzea salduz. “Sekulako arduragabekeria litzateke hori” zioen sindikatuak argitaratutako komunikatuak.