argia.eus
INPRIMATU
Kutxabankek bikote gasteiztar baten aurka zuen kaleratze prozesua bertan behera utzi du epaileak
  • Cesarea eta Bartolomek 68 eta 72 urte dituzte eta Gasteizen duten etxetik bota nahi zituen Kutxabankek, baina Arabako probintzia-auzitegiak baliogabe jo du hipotekaren kuota bat ordaintzen ez duzunean bankuak hipoteka osoa eskatu ahal dizula dioen klausula. Ez dago helegiteak jartzeko aukerarik.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2018ko otsailaren 21

Ebazpen hau gehitu behar zaio abenduan beste epaile batek erabakitakoari: Kutxabankek 69.626 eurotan tasatu zuen etxea, enkantean jarri asmoz, eta epaileak bertan behera utzi zuen tasazioa, ebatzi zuelako aldebakartasunez ezarritako tasazioa zela eta gainera Tasazioen Euskal Zerbitzuak ezarritakoaren oso azpitik jarri zuela Kutxabankek (ofizialak 254.800 eurotan baloratu zuen etxea).

Cesarea eta Bartolomeren alabak 48.000 euroko mailegua eskatu zuen 2008an, lokal bat eskuratu eta denda jarri ahal izateko, eta mailegua gurasoen etxebizitzarekin abalatu zuen, Hala Bedin kontatu dutenez.

Stop Kaleratzeak Araba plataformak eta honen abokatuek baikor baloratu dute epailearen erabakia, Espainiako Estatuko legeen gainetik Europako zuzentarauak daudela ebatzi duelako.